Mikel Balentziagak ez du Athleticen jarraituko
Mikel Balentziaga futbolari zumarragarrak Athletic utziko du denboraldi amaieran. Prentsaurrekoa eman du gaur San Mamesen, erabakiaren berri emateko. Ekitaldian, bere senitartekoek, taldekideek, teknikariek, Jose Angel Iribarrek eta Jon Uriarte lehendakariak parte hartu dute.
Balentziagak Urolan hasi zuen bere kirol ibilbidea eta ondoren Realaren harrobiko jokalaria izan zen. 2008an Athleticek fitxatu zuen. Numancian eta Valladoliden ere jokatu zuen, Athleticek utzita. Athleticen 12 denboraldi eman ditu. Orain arte 321 partida jokatu ditu talde bizkaitarrean. Bi titulu irabazi ditu: 2015eko eta 2020ko Superkopak. Aurten apenas jokatu du eta, Athleticekin adostuta, kluba uztea erabaki du. 35 urte ditu eta futbolean jokatzen jarraitzeko asmoa du.
Athleticen jokatzeagatik “pribilegiatua” izan dela eta “hil arte” Athleticekoa izango dela esan du prentsaurrekoan. Napoliren aurka San Mamesen jokatu zuen Txapeldunen Ligako partida, bi Superkopak eta Lezaman taldekideen igarotako uneak gogoratu ditu bereziki.
Otamotz aldizkariak elkarrizketa egin zien berari eta Xabier Jorgeri 2002ko ekainean, Realarekin fitxatu zutenean. 14 urte bakarrik zituzten. Elkarrizketa irakurtzeko, sakatu hemen (20. eta 21. orrialdeak).
Argazkiak: Oskar Gonzalez/Deia