Paueko nazioarteko topaketan izan dira Goierriko palari gazteak
Aste Santuko oporretan, haur eta gazte mailetan lehiatu dira Olaberriko eta Ordiziako palariak. Emaitza onak ere lortu dituzte, esperientzia aberasgarriaz gain.
Olaberriko eta Ordiziako pilotari gazteek Paueko (Okzitania) nazioarteko pala txapelketa prestigiotsuan parte hartu dute, Aste Santuko oporretan. Haur eta gazte mailetan lehiatu dira, 11, 13, 15 eta 18 urtez azpiko sailetan.
Olaberriko Josu Soberon eta Ibai Sese bigarren urtez izan dira Pauen. Gipuzkoa1 taldean jokatu du Soberonek, Eki Aizpuru aiarrarekin, 13 urtepekoetan. Sese, aldiz, Gipuzkoa2 selekzioan eta 15 urtepekoetan aritu da.
Sekula baino talde gehiagok parte hartu dute, 14k guztira. Euskal Herrikoak ziren zazpi: bi gipuzkoar, hiru nafar, arabar bat eta lapurtar bat. Okzitaniakoak, besteak. Hiru joko mota izan dituzte lehiaketan: kiniela, klasikoa eta Urdaiazpikoaren Lehiaketa (talde bakoitzeko guztiek, txandaka).
Gipuzkoa1 selekzioarekin, Soberon-Aizpurua modalitate guztietan txapeldun atera dira. Sesek ere txapelketa polita osatu du, sailkapenean islatu ez arren.
Ordiziako talde bat ere bai
Estreinako aldiz, Ordiziako pala eskolako pilotariak ere joan dira Pauera. 11 urtez azpikoetan jokatu dute. Albisu prestatzailearekin hamabi-bat pilotari badabiltza, palaren harrobia ziurtatzen. Adinagatik, aurten izan dute lehen aukera Pauen parte hartzeko, eta oso pozik etorriak dira denak.
Munduko txapelketa txiki baten pareko antolakuntza dauka Paueko pala lehiaketak. Frontoi ugaritan jokatzen dute, eta ostatu eta otordu sistema zabala prestatzen dute ehunka gazterentzat.
Partaidetza oparoa aiseago moldatzeko, bi kategoria bereizi dituzte aurten: elitekoak eta lehen mailakoak. Bigarren horretan aritu dira pilotari goierritarrak.