Urteroko udaberriko auzolanerako deia egin dute larunbaterako Itsason
Urteroko moduan, aurten ere udaberriko auzolanerako deialdia egin diete herritarrei Itsason. Bizilagunen artean herriko txokoak txukundu eta egokitzea dira larunbateko auzolanaren helburu nagusiak.
Parte hartzeko izena eman beharra dago udaletxean: 943 47 77 90 zenbakira deituta edo udala@itsaso.eus helbide elektronikora mezu bat bidalita. Gaur izango da izena emateko azken eguna. Parte hartuko duten herritarrak 14:30ean elkartuko dira Itsason bertan.
Taldetan banatutako lanak
Egitekoen artean askotariko lanak zerrendatu ditu Itsasoko Batzordeak. Taldetan banatuta hauek dira egin beharrekoak: Kizkitzan eta Patalain inguruetan egurra jaso eta sutarako prestatu, Itsusturri sastrakaz garbitu eta txabola margotu, Madurako kanal ertza moztu eta presa inguruan erreka eta bide bazterrak garbitu. Plaza ertzeko baratzean egurrarekin pareta egin eta lurrarekin bete. Lorategiak atondu eta Itsasogoeneko bide ertzean hortentsiak eta arrosak sartu. Bide ertzeetako seinaleak konpondu, berritu edo aldatu eta Kamiñoetxeberri eta Ezkioko mugako zubia bitartera arteko seinaleak egin. Gaztelekuan hainbat egokitzapen lan egin eta goiko plazako paretan igeltserotza lanak egin, besteren artean.
Egunari amaiera emateko 19:00etan afaria izango da guztientzat Itsasoko ostatuan.