Zaldibian rallya begi onez ikusten dute inkestari erantzun diotenen %64k
Udalak egindako inkestan 333 lagunek parte hartu dute. Gehienek Goierri Rallyesprintaren aldeko iritzia dute. Begi txarrez, %25ek ikusten du kirol proba hori.
Goierri Rallyesprintak Zaldibian eragiten dituen iritziak jaso eta aztertzeko udalak egi duen inkestaren emaitzak gaur argitaratu dituzte. Oro har, rallyari buruzko iritzi ona dute galdeketa erantzun duen gehiengo zabal batek. “Begi onez” ikusten dute %64k, “begi txarrez” %25ek, eta “oso garbi ez” dauka %10ek. Iritziaren atala erantzun gabe utzi du gainerako %1ek.
ç
Guztira, 333 iritzi jaso ditu udalak galdeketan, baina 31 iritzi (%9) baliogabe modura hartu dituzte, Zaldibian erroldatuta ez zeudelako, inkesta osoa bete ez dutelako, iritzia behin baino gehiagotan eman dutelako, edo 16 urte baino gazteagoak zirelako.
302 iritzi baliokoetatik, 224 on-line bidali dituzte, 74 udaletxean utzita eta 11 kultur etxean. %95ek euskaraz erantzun dute (288 lagun), eta %5ek gaztelaniaz (14 lagun). Adinez ere, oro orekatua izan da erantzun dutenen profila.
Jasotako arrazoi guztiak aztertuta, positiboen eta negatiboen artean bereizi ditu udalak herritarren argudioetatik hartutako gako-hitzak. “Hitz edo ideia errepikatuenak, alegia. Kontuz, horrek ez du esan nahi Rallya begi onez ikusten duen norbaitek positiboa ez den zerbait ikusi ez dionik, edo alderantziz, orokorrean begi txarrez ikusten duenak alderdi onik ikusi ez dionik”, azaldu du udalak.
Positiboki baloratutako kontzeptuak hauek izan dira, rallyaren nolakotasunetan: solidarioa izatea, urtean behin izatea, gustuko jarduera izatea, herriari bizia ematen diona izatea…
Negatiboen alderdian, berriz, Zaldibiako kalea “isolatuta” geratzen dela deitoratu dute gehienek, eta “endredua” eragiten duela auto lasterketak. Zarata, kutsadura eta arriskua sortzen dituela ere badira kontrako argudio erabili batzuk.
Begi onez ikusten dutenak 193 lagun izan badira ere, “orain arte bezala” egitearen aldekoak gutxiago dira: 169 iritzi. Aurrera begira, rallya berriro Zaldibiatik igarotzerik ez dute nahi 63 iritzi emailek; egin bai, baina zaldibiarrentzat zirkulazioa aurrez ezarritako ordutegietan irekitzea nahi dute 46 lagunek. Egitearen alde dauden 28k, bestetik, urtero Zaldibiatik ez pasatzea nahi lukete, eta 22k urtero bai, baina iraupen laburragoarekin.
Goierriko beste herri gehiago “inplikatzea” ona litzatekeela uste dute batzuek, edo Olaberriko zirkuitu itxian egitea.
Inkestaren ondorio txostena hemen irakur daiteke.