Bihar irekiko dute Haur Txokoa, Zuhaiztiko bigarren solairuan
0 eta 4 urte arteko haurrentzako espazioa izango da, larunbat eta igandeetarako. Guraso edo arduradun batekin egon beharko dute.
Bihar irekiko dute Ordiziako Haur Txokoa. Zuhaiztiko eraikineko bigarren solairuan egongo da eta guraso eta 0 eta 4 urte arteko haurrentzako espazioa izango da. Larunbatetan eta igandeetan eskainiko da zerbitzua, 16:00etatik 19:30era. Jostailuak eta haurrentzako beste elementu batzuk izango dira bertan erabiltzeko. Haurrek guraso edo arduradun batekin egon beharko dute. Ezingo da mugikorrik erabili, ezta jan edo edan ere.
Zuhaiztin kokatzearen erabakia ez dela “ausaz hartu” azaldu du udalak, “belaunaldien arteko harremana bultzatu nahi” baitute. “Adineko zein haurren arteko zubiak eraikiz. Horregatik, momentuz espazioa elkarbanatuko dute baina emaitzak onak badira etorkizunean ekintza partekatuak antolatzeko aukera ere aztertuko da”, azaldu du Ainhoa Jimenez hezkuntza zinegotziak. “Hiri Hezitzailearen aurtengo oinarria zaintza da, eta horixe da proiektu honek bultzatzen duena”.