Izazpiko Igoera probarako izen ematea irekita dago jada
Urtero bezala, Ezkioko San Migel jaien baitan —maiatzaren 5etik 8ra izango dira— jokatuko da aurten ere Izazpiko Igoera proba. Aurtengoa zazpigarren edizioa izango da eta maiatzaren 7rako antolatu dute, 11:00etan hasita. Aurrez, 10:30ean haurren lasterketaren txanda izango da.
Dagoeneko izena emateko epea irekita dago herrikrosa.eus web gunean. Proba ohikoa izango da, 6,3 kilometro luzeko ibilbidea izango da, Ezkiotik Izazpiko gainera artekoa eta buelta. Iaz, Oier Elorza azkoitiarra eta Igone Campos zumarragarra izan ziren probaren irabazleak. Lehenak 34 minututan osatu zuen 6,3 kilometroko ibilbidea, eta bigarrenak, berriz, 42 minutu eta 57 segundo behar izan zituen. Gizonen artean, bigarren izan zen Mikel Fernandez ezkiotarra, 37 minutu eta 55 segundorekin, lehenengo herritarra izanik. Emakumezkoen artean lehendabiziko herritarra Helena Bilbao izan zen.
Antolakuntzatik jakitera eman dutenez, errekor berria erdiesten duenarentzat 500 euroko saria egongo da. 1982an Juan Mari Garinek ezarritako errekorra ez du oraindik inor hobetzerik lortu.