'Kanpora sartzen' antzezlanarekin hasiko da apirilaren 28an Udaberria Transloratzen zikloa
Maiatzaren 31n amaituko da, Mer Gomez-en 'La rebelión de las hienas' liburu aurkezpenarekin. Maiatzaren 13an 'Kantu bat gara' kontzertua izango da Barrena parkean, eta maiatzaren 17an, Homofobiaren Aurkako Nazioarteko Egunean, LGTBI diagnostikoa aurkeztuko da plazan.
Aurten ere Udaberria Transloratzen zikloa antolatu du Ordiziako Udalak. Duela hiru urte sortu zen ekimena, eta hirugarren edizioa izango da aurtengoa. Gizartean baztertuta dauden errealitateak ikusarazteko erreminta dela azaldu du udalak, gizartearen aniztasuna aldarrikatzeko. Apirilaren 28an hasiko da, ‘Kanpora sartzen’ antzezlanarekin.
“Udaberriko koloreak hamaika diren honetan, ziklo borobila izango dugu. Errealitate ugari ditugu eta horiei dagokien ikusgaitasuna ematea dugu helburu”, azaldu du Ainhoa Jimenez berdintasun eta aniztasun zinegotziak. Trans errealitatea ikusaraztearekin batera, gizartea transformatzeko bidea izango da. “Eboluzionatu dugu eta gizartearen begirada da transformatu behar dena. Beste begirada integratzaile baterako erreminta da zikloa. Horregatik, urtez urte gai ezberdinei emango zaie lekua”.
Egitaraua:
- Apirilaren 28an: Kanpora sartzen antzezlana Herri Antzokian, 20:30ean.
- Maiatzaren 5etik 9ra: 20.000 especies de abejas filma, Herri Antzokian.
- Maiatzaren 10ean: Trans legearen inguruko mahai ingurua, Josebe Iturriozekin eta Brayan Altimasberesekin. Moderatzailea: Iñigo Etxezarreta.
- Maiatzaren 13an: Kantu bat gara kontzertua, Barrena parkean. Goierriko Bertso Eskolak, Lazkaoko zanpantzarrek, Ordiziako erraldoiek, Xabin Fernandezek, Amets Bideko euskal eta ballet dantzariek, Oroith abesbatzak eta Esanezinek parte hartuko dute.
- Maiatzaren 17an: Homofobiaren Aurkako Nazioarteko Egunean, LGTBI diagnostikoa aurkeztuko da Plaza Nagusian. Hiruki Larroxa elkarteko Ibai Fresnedo eta Zuriñe Rodriguez izango dira bertan. Ondoren, Euskal Trabestien show-a izango da.
- Maiatzaren 30ean: Zinegoak jaialdia.
- Maiatzaren 31n: Mer Gomezen La rebelión de las hienas liburuaren aurkezpena.
Udalak eta antolakuntzako eragileek herritarrak deitu dituzte zikloan parte hartzera, “gizartearen isla diren errealitateak landuko” baitira. “Askotan arrotza eta ezezaguna egiten zaigun errealitate batera gerturatzeko aukera eman nahi dugu, gure herrian dagoeneko izan baditugun errealitateak direlako. Gizarteak markatu dizkigun zenbait arau desikasi eta herri kontzientzia sortzeko asmoz, gaur hasi eta hemendik aurrera gurekin geratuko diren sentsibilizazio eta kontzientziazio ekintzak bultzatuz”.