Lazkaoko EH Bilduk egungo udal taldea eta aurpegi berriak uztartuta osatu du hautagai zerrenda
Maiatzaren 28ko udal hauteskundeetarako 16 laguneko taldea atzo aurkeztu zuten. Programa zehazteko zenbait ideia proposatu dituzte hautagaiek.
Lazkaoko EH Bilduk atzo iluntzean aurkeztu zuen maiatzaren 28ko udal hauteskundeetarako talde osoa. Joxemai Ormazabal alkategai izango zela jakina zen, eta hautagaitza zeintzuek osatuko duten azaldu dute orain. Udalbatzak 13 zinegotzi dituenez Lazkaon, 13 hautagai eta beste hiru ordezko, 16 herritarreko taldea atera zen, Manueleneko plazan, jarraitzaileen aurrera.
EH Bilduren hautagaitza-zerrenda, ordenan:
1. Joxemai Ormazabal Sukia. Maizpide euskaltegiko irakaslea. Zinegotzia da gaur egun, EH Bilduren bozemailea udalbatzan eta oposizio burua. Azken lau urteetan, lanaldi erdian udalerako liberatua.
2. Aitziber Azurmendi Imaz. EHUko Psikologia fakultateko irakaslea. Zinegotzia da gaur egun.
3. Egoitz Bergara Azpirotz. Laboral Kutxan lan egiten du, Arrasateko zentralean, Bezero Arreta Politikaren arloan. Lehen aldiz aurkeztuko da.
4. Maialen Amundarain Irizar. Hezitzailea, Ataunen lan egiten du. Zinegotzia da gaur egun.
5. Haritz Antoñanzas Urdangarin. Jasoko langilea. Gazte mugimenduan dabil, jaiak, gazte festen eta txosnaren antolaketan.
6. Karol Agirre Mastrangelo. Politologoa. Eusko Jaurlaritzako funtzionarioa, Osasun Sailean lan egiten du, Gasteizen. Argentinar jatorrikoa.
7. Josu Sarriegi Zumarraga. Futbolari profesional ohia. Merkataritzako enpresaria. Lazkaon elkartearen bultzatzailea. Zinegotzia da gaur egun.
8. Idoia Azpirotz Peña. Hezitzailea Lazkaoko San Benito ikastolan.
9. Gari Bravo Oiarbide. Txirrindulari profesional ohia. Irakaskuntzan lan egiten du orain, Donostian. Kirol arloan jardungo da.
10. Ane Arizkorreta Aldasoro. Botikaria, Beasainen lan egiten du. Gazte asanbladan, txosna batzordean eta gazte mugimendu politikoan dabil.
11. Joxpi Intsausti Jauregi. Mekanikari erretiratua. Astozale elkartearen sustatzailea. Auzolan eta herriko jarduera askotan ibilia.
12. Gina Saru. Ostalaritzako langilea eta sukaldaria. Herrikoko langilea. Errumaniarra sortzez, eta Lazkoaoko errumaniar komunitatearekin zubi-lana egingo du.
13. Funtxi Caballero Auzmendi. Jasoko langilea. Lehen aldiz aurkeztuko da. Futbolzalea eta Lazkao Kirol Elkarteko zuzendaritzako kidea. Kirol arloan.
Ordezkoak:
1. Marije Intsausti Onda. Baserritarra. Bi agintalditan izan da udal zinegotzi (2019-2023an azkena). Landa eremuaren arloan jardungo da.
2. Noemi Rodriguez Fernandez. Correoseko funtzionarioa. Lehen aldiz aurkeztu da. Posta bidezko botoaren kudeaketan lagunduko du.
3. Ibon Zabala Arrillaga. Irakaslea, Ordiziako Urdaneta eskola publikoan. 2019an ere zerrendan aurkeztu zen. Hezkuntza atalean jardungo da.
Zerrenda eginda eta programa bideratuta, lan erdiak eginda dituela azaldu du Joxemai Ormazabalek. Programako zutabe nagusi batzuk aurkeztu zituen atzo, baina horiek orain herritarrekin banatu eta osatuko dituztela agindu du. “Ez dugu nahi programa itxia izaterik. Ideiak orain herritarrekin ontzea da asmoa. Politika lazkaotarrentzat ez, lazkaotarrekin egin nahi dugulako”.
Arantzazulabek argitaratu duen ikerketari aipamen eginez, gizartean “etsipen puntua” antzematen dela ohartarazi du Ormazabalek. “Ikerketaren arabera, %65ek sentitzen du gaur egungo sistema politikoak ezer ez edo gutxi uzten diola herritarrari politikan eragiten. Hori irauli nahi dugu”. Horretarako giltza berdintasuna dela aurreratu du, “arlo guztietan”.
Zenbait proposamen eta ideia
EH Bilduk zenbait proposamen aurreratu ditu dagoeneko, 2023-2027 agintaldiari begira. Proiektu “nagusia” Gurutze-Hirigoien-Katilusoro (meandroa) alderako daukagu. Ideia batzuk baditugu harako, proposamen modura”. Hirigoien kaleko ‘perretxiku’ erako eskola eraikin zaharra birmoldatzea ere proposatu du Ormazabalek, “auzokideen erabilerarako”.
Hain justu, Aitziber Azurmendik azaldu du udal zerbitzuak “auzoetara gerturatu nahi” dituztela, eta horretarako, udalerria bost auzotan banatuta, bakoitzean lokal bat egokitzea dute asmoa. Kirol ikastaro, aisialdi, asistentzia sozial eta bestelako bileretarako, auzotarren biltoki izango lirateke lokal horiek. Kalean berdeguneak eta lorategiak “berreskuratzea” ere lehentasunen artean kokatu du.
Hitza lau hautagaik hartu zuten. Ormazabalen eta Azurmendiren ondoren, Egoitz Bergarak bi gai aurkeztu zituen: nagusien zaintza eta etxebizitza. Zaintza arloan, egoitzetara iritsi aurretik, ahalik eta denbora gehien adinekoa bere etxean bizitzea lortu behar dela esan du. “Horretarako, kanpoko nahiz familiako zaintzaileentzat laguntza-lerroak eskaini behar dira”.
Goierri mailan, zaintzaile kooperatiba sortzea da EH Bilduren beste ideia bat, “zerbitzu egokiagoa emateko eta langileek lan baldintza hobeekin lan egin dezaten”. Formakuntza sustatuko litzateke hor, zaintzaren zein euskararen arloan.
Etxebizitzari buruz, “etxebizitza jasangarriaren aldeko politika” bultzatuko dute, eraikitako etxe parkeari “irtenbidea” emanda. “Azken urteetan asko eraiki da, Iturrialdea auzunea ikusi besterik ez dago. Baina etxe huts asko dago, bestetik, eta alokairurako zailtasunak daude”. Erakunde ezberdinek eskaintzen dituzten laguntzak “zentralizatu” nahi lituzkete, udaletxean leihatila bakar modura jarrita, herritarren informazio zuzenerako eta egokiagorako, bai maizterrentzat, bai jabeentzat.
Azkenik, Maialen Amundarainek aisialdi arlorako intentzioak aurkeztu zituen. Kulturan, Lazkao “herri bizia” dela eta eragile asko daudela esan zuen, eta haien lana eskertu. “Elkarlan estua bultzatuko dugu eurekin”. Koordinaziorako “espazio bat” sortu beharra ere gaineratu du.
Kirol arloan, “kiroldegia indartzeaz gain”, ikastaroak auzoetan zabaldu nahi lituzkete, auzoka antolatutako lokalak baliatuta. Kirol jarduerak “kanpora” atera behar dela gehitu du. Igerileku irekiaren osagarri ur parkea jartzea, zikloturismo taldea, korrika edo kalistenia egiteko baliabideak ere aipatu ditu.
Ekitaldiaren hasieran, Haizea Salaberriak pianoarekin Oinazez pieza jo zuen, eta Jotake taldeko joaldunek EH Bilduren bulegoraino joan-etorria eginda ‘ekarri’ zituzten, kalejiran, hautagaiak.