Martxan dago udaberriko merkataritza kanpaina
Ordiziako zenbait dendatan erosketak egiten dituztenen artean, 100 euroko 5 sari, 10 euroko 10 sari eta 25 euroko 20 sari banatuko dituzte.
Martxan dago udaberriko merkataritza kanpaina Ordizian. Ordiziako Udalak eta Ordizian merkataritza elkarteak, Eusko Jaurlaritzaren lankidetzarekin, Ospatu Udaberria Ordizian Erosiz kanpaina jarri dute abian, herriko merkataritza eta ostalaritza bultzatzeko asmoz. Asteazkenean hasi zen, eta maiatzaren 3ra arte egongo da martxan.
“Ordizian zorte handia dugu merkataritza sare zabala izateko eta orain, udaberriaren etorrerarekin batera, ekimen hau dugu martxan. Hain zuzen ere, bertako saltokietan erostera animatu nahi ditugu gure herritarrak, gure dendak direlako herria bizi mantentzen dutenak. Kanpainarekin erosleak saritu nahi ditugu”, azaldu du Maitane Alvarez Ordiziako alkateordeak.
Ekimenarekin bat egin duten saltoki eta tabernetan egiten diren erosketekin, 100 eurorainoko saria jaso dezakete herritarrek. Loreontzi bat eta kartel bat dituzte atxiki diren establezimenduek. 100 euroko 5 sari, 10 euroko 10 sari eta 25 euroko 20 sari banatuko dituzte. Erosketa egiterakoan, txartel bat bete eta establezimenduko postontzian utzi beharko da. Ondoren, zozketa egingo dute erosleen artean. Kanpainari atxikitako tokiko edozein denda edo tabernatan kontsumitu ahal izango dira sariak.