La Salle-Legazpiko mendi taldeak 25. urteurrena ospatuko du etzi
600 lagun elkartuko dira. Mendi irteera egingo dute eta ondoren elkarrekin bazkalduko dute. Urteurrena 2020an izan zen, baina ezin izan zuten ospatu pandemia zela eta
La Salle-Legazpi ikastetxeko mendi taldeak 25. urteurrena ospatuko du igandean. 600 mendizale baino gehiago elkartzea espero dute. Mendi taldeak 2020an bete zituen 25 urte, baina ezin izan zuten ospatu pandemia zela eta.
Mendi taldea 1995an sortu zen. Lehenago mendira joateko ohitura zuten, baina ez horren modu antolatuan. Taldea Alfredo Bueno irakasleak sustatu zuen. 2006-2007 ikasturtean fraideek ikastetxea utzi zuten eta gurasoek hartu zuten mendi taldearen ardura. Hiru aitek hartu zuten. Egun, Roberto Santamaria da arduraduna.
Oso giro ona dutela dio. «Irailetik ekainera, bi astean behin, mendira joaten gara. Horretaz gain, Santa Lutzi egunean taberna jartzen dugu dirua lortzeko. Oso giro ona dugu. La Salle-Legazpiko ikasle eta gurasoez gain, dagoeneko eskolakoak direnak etortzen dira mendi irteeretara. Nire semeak 29 urte ditu jada…».
500 mendi irteera
28 urte hauetan 500 mendi irteera baino gehiago egin dituzte. Gehienak, Gipuzkoan. Gabonetako oporren aurretik Irimora joaten dira eta jaiotza jartzen dute bertan. Ondoren, Trekutzen hamaiketakoa egiten dute. Ikasturte amaieran kanpaldia egiten dute. Burgosen, Kantabrian eta Asturiasen egon dira, besteak beste. Aurten, Ordesara joango dira. Irteera bakoitzean 50-60 lagunek parte hartzen dute. Santamariak mendi irteerak oso aberasgarriak direla dio. «Neska-mutilek gurasoekin ematen dute igande goiza. Lan egunetan ez dugu beraiekin egoteko denbora asko izaten eta igande goiza beraiekin ematea garrantzitsua da. Bestalde, seme-alabek toki asko ezagutu dituzte mendi irteerei esker. Kobazuloak, adibidez, asko gustatzen zaizkie. Sarastarrin asko gozatu zuten».
25. urteurrenak ospatzea merezi zuen eta, berandu bada ere, igandean festa egingo dute. La Salle ikastetxeetako mendi taldeak eta Gainzuri ikastetxeko eta Urretxu-Zumarraga ikastolako ikasle eta gurasoak gonbidatu dituzte. «Irun, Andoain, Eibar, Beasain, Zarautz eta Bilbotik etorriko dira, besteak beste. 600 bat lagun elkartzea espero dugu».
Parte hartzaileak 08:45ean elkartuko dira, La Salle-Legazpi ikastetxean. Santa Barbarara igoko dira eta ondoren Neberatik Urretxuko plazara jaitsiko dira. Bertan, hamaiketakoa egingo dute. Ondoren, Antiora igoko dira. Kanpokoek ermita ikusteko aukera izango dute. Bukatzeko, Eitzatik La Salle-Legazpi ikastetxera jaitsiko dira.
Bertan, Urretxuko eta Zumarragako udalei Ostadar eta Goierri mendi taldeei, La Salle-Legazpi ikastetxeari eta Alfredo Buenori oroigarriak oparituko dizkiete. Musika jarriko dute eta haurrek puzgarrietan jolasteko aukera edukiko dute. Gainera, parte hartzaile guztiek paella jana egingo dute. Festa 18:00etan bukatuko da.