Iazko udal aurrekontua 4.211.112,28 euroko gerakin positiboarekin kitatu da Legazpin
Aurtengo aurrekontuetara bideratuko da soberakina.
Legazpiko Udalak jakinarazi duenez, iazko udal aurrekontua 4.211.112,28 euroko gerakin positiboarekin kitatu du. Ekitaldia amaitu eta hurrengo urtearen hiruhilekoan egin behar izaten da aurrekontuen kitapena. Kontu horien arabera, udalak gastu aurreikuspenaren % 76,8 gauzatu zuen, eta diru sarreren aurreikuspenaren % 79,3 jaso zuen.
2022ko aurrekontua 11.306.961,00 eurorekin onetsi zuten hasieran, baina udalak azaldu duenez, ondoren aurrekontu horrek hainbat aldaketa izan zituen, eta 15.830.316,56 eroraino iritsi zen. Orain egindako likidazioan 4.211.112,28 euroko gerakin positiboa atera da, eta diru kopuru horrek 2023rako onartutako aurrekontua handitzeko balioko du. Horietatik 2.914.785,55 euro sartu dira aurtengo aurrekontuetan, eta dagoeneko gauzatzen ari dira. Gainerakoa, Alkatetzak edo Udalbatzak beharrezkotzat jotzen duten neurrian sartuko da.