Asisko Urmenetak ‘Amaiur! Libera State’ liburua aurkeztu du Idiazabalen
Urmenetak liburuan bildutako gertakarien inguruko azalpenak unean bertan egindako irudiekin lagundu zituen Idiazabalgo aurkezpenean.
Ormaiztegin ez ezik, Idiazabalen ere keinu bat egin diote Liburuaren Nazioarteko Egunari. Hala, astelehen arratsaldean, Asisko Urmeneta izan zen herrian Amaiur! Libera State bere azken lana aurkezten. Aurkezpena udaletxeko areto nagusian izan zen eta 30 bat herritar gerturatu ziren bertara.
Amaiur! Libera State-n 1512 eta 1522 arteko hamarkada ikertu du Urmenetak. Gaztela-Aragoiko Koroak Nafarroako Erresuma okupatu ondotik, lau birkonkista ahalegin egin zituzten nafarrek 1522ra bitartean, tartean, Amaiurko gazteluko setioa. Urmenetak liburuan bildutako gertakarien inguruko azalpenak unean bertan egindako irudiekin lagundu zituen Idiazabalgo aurkezpenean. Solasaldiaren amaieran liburuak erosteko aukera izan zuten bertaratutakoek.
Zozketa eta solasaldi bana
Liburuaren Egunaren harira antolatutako egitarauarekin jarraitzeko, maiatzaren 2an liburuen zozketa egingo dute, apirilean zehar udal liburutegian liburuak maileguan hartu dituzten herritarren artean.
Bestetik, datorren maiatzaren 15ean, Nerea Ibarzabal bertsolari eta idazleak Idiazabalgo irakurle taldeari bisita egingo dio. Iritzi «oso onak» jasotzen ari den Bar Gloria bere azken lanaz arituko dira bertaratutakoak Ibarzabalekin batera. Ekimena irakurle taldearen ohiko saioen barruan antolatu den arren, herritar guztiei irekitako saioa izango da. Saioa 19:15ean hasiko da udaletxeko areto nagusian.