Bi ikuspuntu, bi herri, hiztegi bat
‘Oinarrizko hiztegi poetiko bifokala’ poesia liburua argitaratu zuen iaz Itsasondon bizi den Estitxu Irisarrik, Agurtzane Anduetzarekin. Aurreko astean Itsasondon egin zuen aurkezpena.
Elgoibarren jaioa, duela hiru bat urte Itsasondora etorri zen bizitzera Estitxu Irisarri Egia (Elgoibar, 1988). Ordiziako Jakintza Ikastolan irakasle lanpostua zuela eta, bizitokia Goierrin jartzea erabaki zuen. Jada bertan zegoela, iaz, Oinarrizko hiztegi poetiko bifokala poesia liburua argitaratu zuen Agurtzane Anduetza diziplinarteko artista eta olerkigilearekin batera. Joan den astean elkarrekin ondutako lana aurkeztu zuen Irisarrik, Itsasondon.
Euskal filologoa da ikasketez, eta euskara irakasle, zuzentzaile zein itzultzaile lanak egin izan ditu. Egun Hizkuntza Kontroleko teknikaria da EiTBn. Idazle edo koidazle gisa argitaratu duen lehenengo liburua da, baina aurretik beste hainbat argitalpenetan kolaboratu du; tartean, Libe Goñiren Har ezazu 3 minutu zuretzako liburuaren euskarazko bertsioan edota Hatsaren poesia bilduman. Hain justu, azken horri lotuta sortu zen Oinarrizko Hiztegi poetiko bifokala argitalpena. «Hatsaren poesiak aukera eman zigun hatskide bakoitzari eta nahi zuenari tailer batzuk antolatzeko eta horietako bat Anduetzak antolatu zuen. Hor ezagutu genuen gehiago elkar», azaldu du Irisarrik.
«Hasieran jolasa zen, poesia trukaketa bat. Agurtzanek izan zuen argitaratzeko ideia»
Topaketa horretan «ondo moldatu» ziren, eta mezu elektroniko bidezko hartu-emana hasi zuten. «Hasieran jolas bat zen, poesia trukaketa bat. Agurtzanek [Anduetza] izan zuen argitaratzeko ideia». Bata, Zugarramurditik eta bestea, Itsasondotik. Gai unibertsalak proposatzen zizkioten elkarri. Gai bakoitzean esku-hartze bat baino gehiago egiten zuen bakoitzak. Egunerokotasunetik tiraka, prozesu «naturala» izan zen, Irisarriren hitzetan. «Proposatutakoaren aurrean bagenuen zeresana eta erosoa izan zen».
Autoekoizpena
«Zer hitz aukeratuko zenituzke eskukada bakarra hautatu beharko bazenu? Gure artean sortu zen elkarrizketa poetikoan, bi begiradatik finkatu eta definitu ostean, funtsezko iruditu zitzaizkigunen aukeraketa da bihotzarentzako oinarrizko hiztegi hau». Hala dio liburuaren laburpenak. «Gai batzuk kanpoan geratu» bazitzaizkien ere, ez zuten «eztabaida handiegirik» izan gaiak zehazteko. 2022ko ekainean kaleratu zuten lana, autoekoitzia. Irisarrik azaldutakoaren arabera, «nahiz eta inbertsio bat eskatzen duen, aukera zuzenagoa da autoekoizpena», argitaletxeetako ateak jotzeak «ziurgabetasuna» eragiten duelako.
«Erronka polita»
Zugarramurdin aurkeztu zuten lehenengo. «Azken batean, Zugarramurdiri esker argitaratu dugu, bertan topo egin genuelako tailer batean eta hortik sortu zen». Aurreko astean, aldiz, Itsasondon egin zuen aurkezpena, «erronka polita» izan zena berarentzat. «Interesgarria iruditu zitzaigun, azkenean ni bertan nengoelako lana ondu genuenean». Zazpi lagunek parte hartu zuten, eta hasieran kafe tertulia gisa aurreikusita zegoen arren, parte-hartze aktiboa sustatzeko dinamikak prestatu zituen, «liburua zer den eta nola egin den praktikoki azaltzeko».
«Euskal kulturaren aletxo bat bada. Bi herrietan aurkeztea zentzua bazuen»
Itsasondon 700 biztanle inguru bizi direla kontuan izanda, saio «arrakastatsua» izan zela dio Irisarrik. Belaunaldi arteko parte-hartzea egon zen, bikoteak estrategikoki antolatuta. «Nahiz eta batzuetan konfort egoeratik kanpo zeudela kontziente naizen, ni oso pozik nago partaidetzarekin eta emaitzarekin».
Aletxo bat
Poesia liburuan oinarrituta, testu batzuk sortu zituzten parte hartu zutenek, eta asmoa da Itsasondoko herri aldizkarian argitaratzea, herritarrek ikusteko aukera izan dezaten. «Denok dugula zeresana gai batzuen inguruan eta dena dela zilegi eta baliozko sorkuntzan».
Bi idazle. Bi herri. Bi aurkezpen. Zugarramurdi eta Itsasondo. Ez dituzte aurkezpen gehiago aurreikusita, baina ez dute aukerarik baztertzen. «Oraingoz poliki poliki, inurriak bezala. Euskal kulturaren aletxo bat bada eta Zugarramurdin eta Itsasondon aurkeztea zentzua bazuen. Itsasondo nire bizilekua delako».