CAF-Elhuyar sarietako NEIKER saria jaso du Aitor Garmendiak
Aitor Garmendia Etxeberria itsasondoarrak CAF-Elhuyar sariketako NEIKER saria lortu du, 'Aralar, balioen eta interesen aniztasuna parke natural batean' lanari esker
Begiratu urrunera lelopean, CAF-Elhuyar sariak banatu zituzten atzo, Usurbilen. Hainbat lan saritu dituzte kategoria ezberdinetan. Lehen sektoreari lotutako lanak saritzea helburu duen NEIKER saria Aitor Garmendia Etxeberria itsasondoarrarentzat izan da, Aralar, balioen eta interesen aniztasuna parke natural batean lanari esker. Antolakuntzak azaldu duenez, kategoria horretako epaimahaikideek «garrantzia berezia» eman diote egileak gaurkotasun handiko auzi bati heldu izanari.
«Aintzat hartu dute eztabaida handia sortzen duen gaia izanik eztabaida horretan parte hartzen duten eragile guztiak kontuan izatea artikuluan». Sariketa Elhuyarrek antolatzen du, CAF enpresarekin batera eta NEIKER-en babesarekin. Zientzia eta teknologiaren arloko gaien eta ikerketen euskarazko dibulgazioa, kazetaritza eta gizarteratzea bultzatzea, saritzea eta aitortzea da sariketaren helburua.
41 lan jaso dituzte aurtengo edizioan. Aitor Garmendiaren lanaz gain, dibulgazio-artikulu orokorraren saria Judith Zubia Aranburu arrasatearrak irabazi du; egilearen doktore tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluaren saria, Mattin Urbieta Galarraga debarrak; eta zientzia-kazetaritza saria, Iñaki Sanz Azkue hernaniarrak. 2.000 euroko ordaina eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura bana jaso dute.