Donazarren akuarelazko Beasain
Maite Donazar artista beasaindarrak ‘Plash!’ izenburudun erakusketa dauka ikusgai Beasaingo Aterpe tabernan. Akuarelazko paisaiak marraztu ditu, ikuslearentzat ezagunak.
Tintak eta akuarelak konbinatuz, paisaia urbanoak iruditzen ditu Maite Donazar artista beasaindarrak. Plash! izenburudun erakusketa ikusgai dauka Beasaingo Aterpe tabernan, maiatzaren 10era arte.
Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolan hasi zuen bidea marrazketan eta olioarekin. Geroago, Fuenlabradako (Espainia) Magenta pintura-elkarteko kide izan zen. Gaur egun, Beasaingo Zeramika Elkarteko kidea da. Marrazketa eta zeramika, «bi arte oso osagarri» direla uste du artista honek.
Urratsez urrats
Akuarela geroago deskubritu zuen, eta orduantxe jabetu zen teknika horrek suposatzen duen erronkaz. Izan ere, akuarela, «desafiatzailea» dela eta «proban jartzen» zaituela dio. Baina artista beasaindarrak duen «grina eta gozamena, porroterako beldurra baino indartsuagoa da». «Desafiozalea» denez, «pazientzia kiloka izanda, urratsez urrats, hauek txikiak izanda ere, akuarelarekiko harremana estutzen» joan da.
Tinta eta akuarela nahasten ditu haren lanetan, «paisaietan, gertuko espazioetan, urrutikoetan». «Erakargarri» izan behar ditu «enkoadraketa, argia, tonuak, lerro bat, xehetasun bat,…». Maite ditu «ondo eraikitako eraikinak, artea, egitura bizigarriak, hiri-paisaiak eta landa-paisaiak, herriak eta hiriak, mendiak eta zerua hodeiez gainezka, hor goian jolasean, formak etengabe aldatuz».
Plash! erakusketan, Beasainen jarri du fokoa gehien bat; «herrira buelta bat da, toki eta une ezberdinetatik ikustaldi bat». Eta, aldi berean, hiriren bateko lanekin laguntzen du erakusketa.
Zergatik, Plash!? «Horixe egiten dut, zipriztindu, urez busti, koloreekin jolastu haiek urtzeko, haiekin harmonian bizi».