EH Bilduk Bilgunea ireki du Beasainen
Hauteskundeetara begira informazioa jasotzeko eta herritarrekin eta eragileekin hartu-emana izateko gunea izango da.
EH Bilduk Bilgunearen irekiera egin du gaur arratsaldean Beasainen. Nagusia kaleko 13 zenbakian dago eta Hasier Agirre Beasaingo EH Bilduren alkategaiak aurkeztu duen moduan “hauteskunde kanpainarako eta herritarrengana gerturatzeko baliabide bat” izango da. “Lanerako eta kooperaziorako gune bat izango da, herritarrekin eta eragileekin informazioa trukatzeko gune bat”, borobildu du Agirrek.
Hurrengo asteetan, posta bidezko bozka emateko informazio gune izango da. Hala, horren inguruko edozein zalantza duenari, bertan emango diote informazio guztia.
Hauteskundeen gertutasuna dela eta, “gogo eta ilusio askorekin” dago Agirre, baita lan taldea ere. “Aldaketa gertatzeko aukera sortu dugu, eta herriak berak ere behar du aldaketa hori” nabarmendu du EH Bilduren alkategaiak. Gaur argitaratu dira maiatzaren 28ko udal hauteskundeetarako hautagaien zerrendak. Beasainen bost zerrenda aurkeztu dira; Podemos lehenengo aldiz. Horren harira Agirrek adierazi du “eszenatoki berri baten aurrean gaude, eta ikusiko da zer nolako aukerak sortzen diren”.