Enirio-Aralarko Mankomunitateko lehendakaritzak legegintzaldiaren balorazioa egin du
Gipuzkoako Foru Aldundiak "urte luzeetako finantzazio eredua aldatu" ostean, "finantzazio bide propioak" bilatu behar izan dituztela adierazi dute. 2023rako ere "inbertsio eta mantenu lanei eusteko proposamena" aurkeztuko dute.
Enirio-Aralako Mankomunitateko lehendakaritzak 2019-2023 legegintzaldiaren balorazioa egin du, eta gaur goizean prentsaurrekoa egin du Ordiziako udaletxeko pleno aretoan. Bertan izan dira Iñaki Amundarain (Amezketa), Naiara Munduate (Ataun), Xabier Irastorza (Zaldibia) eta Adur Ezenarro (Ordizia) ordezkariak. Balorazio orokor modura, Gipuzkoako Foru Aldundiak “finantzazio eredua aldatu” duela eta horregatik “inbertsioak finantzatzeko bide propioak bilatu eta aurkitu behar” izan dituztela azaldu du Ezenarro Mankomunitateko lehendakariak. “Aldundiak azkeneko 30 urteetan mendiko inbertsioak burutu ahal izateko indarrean zegoen hitzarmena ez du berritu nahi izan legegintzaldi honetan, eta horrek, diru-sarrera berriak bilatzera behartu gaitu”.
2019an 200.000 euro jaso zituen Mankomunitateak Aldunditik. 2020an, 2021ean eta 2022an eta 2023an, aldiz, ez du dirurik jaso. Horrela, Mankomunitateko Udalek 30.000 euro jarri zituzten 2019an, 2020an 69.500 euro, 2021ean 84.500 euro, eta 71.000 euro iaz. 2023rako ere, “inbertsio eta mantenu lanei eusteko” proposamena aurkeztuko du lehendakaritzak. Aurten 97.000 euroko ekarpena egitea aurreikusi dute, iazko soberakinak kontuan hartuta. “Aldundiak jarri ohi duen ekarpena orekatzeko, Mankomunitatea osatzen dugun 15 udalek diru ekarpena handitzea erabaki genuen, aurreko legegintzaldian egiten zirenak hirukoiztu arte. Lehen aldiz, udalek gastu arruntetarako ekarpenaz gain, inbertsioetarako ekarpena egiten hasi gara”.
Ezenarrok adierazi duenez, diru-laguntza deialdi ezberdinetara aurkeztu dira, tartean Aldundiaren landa garapeneko proiektuak subentzionatzeko deialdira, baina “ukatu” egin zitzaien, “Mankomunitatea ez omen dagoelako tokiko administrazioen artean, eta ondorioz, ezin omen duelako diru-laguntza horien onuradun izan”. Egoera bideratzeko eskaera aurkeztu zuen Mankomunitateak Gipuzkoako eta Arabako Partzuergo Orokorrarekin batera. “Gipuzkoan landa eremua baino ez duten bi lurralde zati kudeatzen dituzten erakundeak baikara landa garapenerako laguntzak jaso ezin ditugun bakarrak”. Eusko Jaurlaritzako Ondare Naturala eta Biodibertsitatea babesteko urteroko laguntza deialdira proiektuak aurkezten hasi dira. 2019an Mankomunitateak ez zuen Jaurlaritzatik diru-laguntzarik jaso, eta aurten, 65.236 euro jasotzea aurreikusi dute.
Abeltzainen lana
Aldundiari laguntza eskaera luzatzen jarraituko dutela “argi” dute, baina inbertsioak burutu ahal izateko ekarpenak egitea “Mankomunitatea osatzen duten 15 udalerrien ardura ere badela” agertu dute. “Horregatik, mendiaren alde lanean jarraitzeko, orain arte egindako esfortzuari eutsiko diogu, udal bakoitzak beren aurrekontuetatik jartzen duten diru kopurua azken 3 urteetan laukoiztu bada ere”. Abeltzainen jarrera eta prestutasuna eskertu dute ordezkariek, eta azpimarratu, “ahalegin hori ez zela posible izango abeltzainek auzolanean eskainitako balioa gehitu gabe”. Auzolanaz aparte, abeltzainen kuotak 40.000 euro izan ziren 2019an, 38.000 euro 2020an zein 2021ean, eta 39.000 euro iaz zein aurten.
Aurrekontu proiektua
2023rako inbertsio proposamenak zerrendatu ditu Enirio-Aralarko Mankomunitateak. Aurrekontu proiektua amaitzen ari dira eta aste pare bat barru onartzea espero dute. Zuzendaritza Batzarrera eramango den proiektuan aurreikusi dituzten inbertsioen artean, bi nabarmendu ditu lehendakariak. Batetik, sei ur aska berri eraikitzea eta beste urasken inguruan zuzentzea, eta bestetik, 2 ur depositu egitea. Enirioko txabola berria, argiteri lanak, Errekabeltz bidea, Larre Antolaketa Plana edota leize garbiketak ere aurreikusi dituzte. 2022ko soberakinen aurreikuspenekin, udalen ekarpenekin, abeltzainen kuotekin eta Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzekin, 201.200 euro inguruko aurrekontu proiektua egin dute.
Ganadu larri kopurua gora, ardiena behera
Datorren astelehenean, maiatzaren 1ean, egingo dute Larraitzen (Abaltzisketa) Aralarko Larreak Irekitzeko Festa, Enirio-Aralar mankomunitateak antolatuta. 10:00etan zabalduko dituzte artisau eta salmenta postuak (ardi eta ahuntz gazta, taloa, sagardoa, orein produktuak, baserriko ogia…). 11:30ean Arantxa, Ainhoa eta Maider Ansa ahizpen kantaldia izango da, eta 12:00etan, larre irekiera ekitaldia egingo dute suziri jaurtiketarekin. 12:30ean, herri kirol erakustaldia izango da: Suharri Rodriguez eta Jokin Urretabizkaia aizkoran, eta Lur Errekondo harriarekin. Bertsotan, Mikel Mendizabal eta Bixente Gorostidi ariko dira.
Aurten inoizko ganadu larri kopuru handiena larratuko da Aralarren: 1.040 behi eta 910 behor. Ardien kopurua, aldiz, behera doa. Aurten 16.100 igoko dira –iaz 17.000 pasa ziren–. Oraindik ere ez dago behar adina belar mendian, batez mila metrotik gora. Hortik behera, hainbestean dator, azken egunetako giroak lagunduta.