Ipuin kontaketak eta aurkezpenak, Ormaiztegiko Liburuaren Astearen barruan
‘Aurorita ipuinez ipuin’ ipuin saioa izango da arratsaldean. Bihar 'Euskal Herria furgonetaz' liburua aurkeztuko dute Arkaitz Apalategik eta Nagore Lizarraldek.
Astelehenean hasita datorren ostiralera arte Liburuaren Astea ari dira egiten Ormaiztegin. Ipuin kontaketak, literatura solasaldiak, liburu aurkezpenak eta gaztetxoenentzako jolasek osatuko dute bost egun hauetarako antolatu duten egitaraua. Liburuaren Astea apirilaren 23an izan zen Liburuaren Nazioarteko Egunaren aitzakian antolatu dute beste urte batez.
Herenegun eman zioten hasiera Liburu Asteari Apika taldearen Besoetako Ipuinak ipuin kontaketarekin. 2 eta 4 urte bitarteko haurrei eta haien familiei zuzendutako saioa izan zen udal liburutegian. Atzo, Uxue Apaolazarekin (Hernani, 1981) literatura solasaldia egin zuten. Bihurguneko nasa hernaniarraren azken eleberria hartu zuten gaitzat. Bederatzi ipuinez osatutako eleberria da Apaolazaren azken lana: «Kondizio sozialaren konkrezioez, elkartasunaren, lehiaren eta karitatearen artekoez, arrotzaren aurreko izuaz zein dantza-gogoaz, familia loturez, beldurraz eta epikaz» sakondu du Apaolazak eleberrian.
Hamaika saio gozatzeko
Gaur arratsaldean, 17:00etan, Aurorita ipuinez ipuin lau urtetik gorako haurrentzako ipuin kontaketa saioa izango da liburutegian. Lur Korta ipuin kontalariak gidaturiko ipuin saio antzeztua izango da, non publikoaren parte hartzea ezinbestekoa izango den.
Biharko bi saio daude aurreikusita. Batetik, San Andres herri eskolako L.H.ko 6. mailako gaztetxoen eskutik belaunaldi gazteen arteko ipuin kontaketa izango da, 16:30ean liburutegian. Bestetik, Arkaitz Apalategik (Ataun, 1981) eta Nagore Lizarraldek (Ormaiztegi, 1981) Sua argitaletxearekin batera argitaratu duten Euskal Herria furgonetaz liburua aurkeztuko dute. 18:30ean, areto nagusian.
Asteari amaiera emateko, Realeko puzgarriak jarriko dituzte ostiralean, 16:30etik 19:30era eskolako patioan.