«Sariek balio erantsia ematen diote gaztari»
Idiazabalgo Gaztañaditxulo baserriko Ander Barandiaranek lehenengo sarietako bat irabazi du ‘Gourmet Quesos 2023’ Espainiako txapelketan.
Gourmet Quesos 2023 txapelketan lehenengo saria irabazi duzu Ardi esne gordinez egindako gazta erdi ondua kategorian. Gustura?
Oso gustura, horrelako sariak beti gustura hartzen dira. Ez genuen espero, parte hartzen genuen lehendabiziko aldia izan da. Hogei kategoria ezberdin zeuden txapelketan.
Nolako gazta da txapelketara aurkeztu duzuena?
Ez dauka aparteko berezitasunik, Idiazabal artzain gazta bat da, hemen egiten dugun gazta bat. Urtarrilean egindako gazta berri bat zen.
Zer nolako garrantzia du horrelako txapelketetan sariren bat irabazteak?
Beti ezagutzera ematen du eta bide berriak irekitzeko ondo etortzen da. Gure produktuari, kasu honetan gaztari balio erantsi bat ematen dio.
Azken hamarkadetan lan handia egin da Idiazabal gaztari balioa ematerako orduan. Nola baloratzen duzu?
Ni gazta egiten hasi nintzenerako lanketa handi bat eginda zegoen zentzu horretan, poliki poliki asko aurreratu da lan horretan. Esan beharra dago,, hala ere, gaztagileak, artzainak bere aldetik jartzen ez badu teoria horiek denak bazterrean geratzen direla eta atzera geratzen zarela.
Baserritarren lana ikasten inoiz amaitzen ez den ofizioa dela esan ohi duzu.
Bai, beti ikasten da zerbait berria, askotan beste artzain batzuengandik jasotzen ditugu egiteko modu berrietarako ideiak.
Hasi zinenetik hona, zertan aldatu da zure produktua?
Hasieran egiten genituen gaztak eta orain egiten ditugunak oso ezberdinak dira. Azken batean, produktua ahalik eta hoberen egitea da helburua eta beti saiakera berriak egiten gabiltza. Ardien manejuan, larretzeko garaian… asko ikasi dugu. Azken batean, sortzen duguna aurretik egindako lanaren ispilua da.
Amets bati segika egin zinen artzain. Zerotik hasita apustu pertsonal eta profesional garrantzitsua egin zenuen. Atzera begiratuta nola ikusten duzu orain arte ibilitakoa?
Atzera begiratuta batere damurik ez daukat. Sakrifizio handia izan da, baina niri lanak ez nau beldurtzen, gustura aritzen naiz. Ofizio lotua da. Saria hau jasotzera Madrilera joateko goizean goiz jaiki eta hemengo lanak aurreratuta utzita joan nintzen. Saria jaso eta iluntzean berriz etxera, bertako lanekin segitzera. Beti azpimarratzea gustatzen zait, amaren laguntzarik gabe ni ziurrenik gaur ez nintzatekeela nagoen lekuan egongo.
Bertakoa kontsumitzeak zer garrantzi du zuretzat?
Askotan saria irabazi duen artzainaz edo gaztandegiaz gogoratzen gara. Elkarrizketa irakurtzen dutenei esango nieke gogoratu daitezela lehen sektorearekin orokorrean, eta ni bezala egunero lanean ari diren artzain guztiekin. Ez naiz ni gainontzekoak baino hobea. Kontsumitzaileei esango nieke jarrai dezatela zuzeneko eta bertako ekoizle horiengana joaten, azken batean kontsumitzailek dira gure arnasa. Hori bukatzen bada produktu bat baino gehiago, egiteko eta bizitzeko modu bat galduko da.