Segurako Udalak bat egiten du Ikusgarritasun Lesbikoaren Egunarekin
Ikusgarritasun Lesbikoaren Eguna ospatzen da gaurko egunean, apirilaren 26an. Egun horren harira Segurako Udalak ohar hau egin du publiko, Ikusgarritasun Lesbikoaren Egunarekin bat eginez.
«Errealitatea da gaur egun emakume askok, espazio askotan, ezin dutela adierazi lesbianak direla. Ikusiezinak dira gure jendarteko hainbat esparrutan: eskolan, familian, lanean edo kalean…Eta zer esanik ez lesbiana nagusiak, migratuak edo asilo-eskatzaileak direnean.
Ikusezintasuna beste indarkeria mota bat da. Sexu eta genero dibertsitatearen alorrean aurrerapenak egon dira bai, baina ez da nahikoa, oraindik bide luzea dugu egiteko eta gizarte osoaren erantzukizuna da diskriminazio eta indarkeria mota guztien aurka borrokatzea.
Segurako Udalak emakume lesbianen ikusgarritasuna aldarrikatzen du eta bere konpromisoa berresten du LGTBI+ biztanleentzat, Segura, herri segurua eta bizigarria bilakatzeko urratsak ematen jarraituko duela».