Txakur jabe eredugarri izateko ikastaroan izena emateko epea zabalik dago
Maiatzaren 2an hasiko dira saioak eta doakoa da. Sozializazio paseoak ere egingo dituzte. Gainera, Arangoiti adineko pertsonen egoitzan asistentzia txakurrekin terapia saioa egin dute.
2023 urteko Txakur Eredugarri Programaren bigarren formakuntza saioan parte hartzeko izen ematea zabalik dago. Formakuntza saioaren helburua da geroz eta txakur gehiago dagoen gizartean, herritarren eta animalia hauen arteko bizikidetze bermatzea.
Zortzi saio presentzial izango dira, maiatzaren 2an hasita eta doakoa da. Txakur jabeek, haien txakurrekin parte hartuko dute saioetan eta hezitzaile baten gidaritza izango dute uneoro. Formakuntzaren amaieran, azterketa bat egingo zaie, eta gainditzen dutenek diploma jasoko dute.
Asteroko saioak, astearteetan izango dira. Beasaingo Loinazko San Martin plazan elkartuko dira, 18:00etan
Egitasmoan parte hartzeko, izena eman behar da Beasaingo Udalaren webgunean.
Sozializazio paseoak
Txakurrekin sozializazio paseoekin ere jarraituko dute. Ostegunero izango dira. Binomioak -txakurra eta jabea-, Loinazko San Martin plazatik abiatuko dira, 18:00etan. Paseoetan parte hartzeko derrigorrezkoa da aurretik aipatutako saioetan izena emanda izatea.
Adineko pertsonekin terapia
Bestalde, adineko pertsonei zuzendutako terapia saioekin ere hasi dira. Iragan ostiralean egin zuten lehena, Arangoiti egoitzan. Saioa gidatzen, Kanguneko Xabier Arrese eta Andrea Ruiz de Egilaz izan ziren, eta horrelako saioetarako egokiak diren bi txakur eraman zituzten. Ariketa desberdinak egin zituzten, izan ere, txakurrak laztanduz eta beraiekin komunikatuz, estimulazio kognitibo eta sentsoriala lantzea posible da, baita komunikazio afektibo eta ludikoa indartu ere. Ikerketa desberdinen arabera, horrelako terapia saioen bidez onura handiak lor daitezke hirugarren adineko pertsonengan, besteak beste.
Udalaren helburua, terapia saio hauekin jarraitzea da, hala, Loinatz Eguneko Zentroan, Ezkiaga auzoko Eguneko Zentroan eta Urbiberri gizarte egoitzan ere burutuko dira.