Eguzkia eta festa giroa, asteburuan
Bihar hasiko dira Santikutz festak. Ormazarreta zalditegikoek irakurriko dute aurtengo pregoia. Musika, kirola eta tradizioa uztartu dute jai egitarauan. Txosna gunean musika nagusituko da
Gazteak, barraketan, Legazpiko Santikutz festetan / T. Madinabeitia - Goierriko Hitza Egun bakarra falta da aurtengo Santikutz jaiak hasteko. Bihartik aurrera, era askotako ekitaldiz beteriko egitaraua jarriko da martxan, lehen txanpa maiazaren 3ra arte luzatuz. Hurrengo asteburuan ere izango da festa kontu gehiago, eta maiatzaren 7ko Mirandaola egunak emango die amaiera.
Ohi bezala, aurreko asteburuan irekitzen diren barrakek eta Dantzari Txiki Egunak jarri dute dagoeneko festa giroa herrian. Baina duela egun batzuk etxeetara bidalitako esku programak adierazten denez, hasiera ofiziala ostiralean izango da, 19:00etan, txupinazoarekin. Ormazarreta zalditegikoen ardura izango da hori aurten.
Musika, kirola, tradizioa…
Makina bat protagonista gehiago izango dira udalak herriko elkarteekin batera antolatu duen egitarauan. Ekitaldiak ere, era askotakoak izango dira, eta musikak, kirolak eta tradizioak lekua izango dute, urtero bezala.
Musika, herriko eta kanpoko taldeek jarriko dute, eta plaza, kaleak eta txosnagunea beteko ditu. Herriko taldeak azpimarratu behar dira, jaiak alaitzeko prest izango direlako musika banda, txistulariak, errondaila eta musika eskolako ikasleak.
Kirola, berriz, xakeak, Santikutz txirrindularitza klasikoak, pilotak eta bolek jarriko dute, eta tradizioa, baserritarren egunak, Santikutz eguneko ezpata-dantzak eta Mirandaola eguneko ekitaldiek, besteak beste.
Olaria saria ere aipatu behar da. Pertsona nagusiekin lan egiten duten Nagusilan elkarteko boluntarioek jasoko dute.
Txosnan, egitarau betea
Txosna inguruan, bestalde, egitarau propioa izango dute. Ostiralean hasiko dituzte festak, Gaztetxean, 18:30 Kolokoia teilatura igo ondoren. Handik kalejiran jaitsiko dira Broken Brothres Brass bandak lagunduta. Gauean, 23:00etan John Dealer & The Coconuts, Herenegun eta Fresa Marango taldeek joko dute.
Larunbat arratsaldean Elektrotuna orkestrak joko du, eta 22:30etik aurrera Rodeo, Kontrol Norte, Mehatxuka eta Stilo taldeen txanda izango da. Igande gauean Xsakara eta Nikotina taldeek joko dute. Astelehenean kantu afaria egingo dute, eta asteartean Txalainak izango da.













