Legazpi Musika Bandak ikuskizun berezia egingo du Sorotan Belerekin
Ikuskizun berezia eskainiko du jaietan Legazpi Musika Bandak, Sorotan Beleko Gorka Sarriegi eta Urbil Artola musikariekin batera
Legazpiko Musika Bandak Santa Zezilia egunean Urbeltzen eskainitako kontzertuko une bat / T. Madinabeitia - Goierriko Hitza Ikuskizun berezia eskainiko du jaietan Legazpi Musika Bandak, Sorotan Bele folk talde euskalduneko Gorka Sarriegi eta Urbil Artola musikariekin batera. Igandean, hilak 30, da hitzordua, 20:00etan, plazan. Jesus Castillejok zuzenduko du kontzertu berezi hori, eta bandako kideez eta Sorotan Beleko partaideez gain, Yerko Ortiz, Iñigo Caballero eta Andoni Vazquez ere arituko dira jotzen, baita taldeko abestiak bandarako egokitu dituen Xabier Zabala ere. hirurogeitik gora musikari izango dira, hamar bat teknikarirekin batera.
Castillejok aurreratu duenez, «ikuskizun handia» izango da Sorotan Bele gogoan izendatu dutena. «2020. urtean egin nahi genuen, baina pandemiagatik ezin izan genuen». Iazko uda aurretik hasi ziren errepertorioa lantzen, baina entsegu ofizialak irailean hasi zituzten, eta «azken txanpa» Gabonen ondoren hasi zuten. Prest daude dagoeneko.
Sorotan Bele lehen diskoa
«Lan handia» izan dela dio Castillejok, Sorotan Beleren izen bereko lehen diskoko piezak ikasi behar izan dituztelako. «Gazteenek ez zituzten ezagutzen, baina ikasten joan diren eran, geroz eta gehiago motibatu dira».
1990eko hamarkadan Euskal Herrian ospe handia lortu zuen Sorotan Beleren lehen dozena abesti haiek Gorka Sarriegik abestuta eta Urbil Artolaren gitarrarekin lagunduta interpretatuko dituzte Legazpiko musikariek, eta «garai haietako erromeriaren antza izango du kontzertuak». Ez dira faltako Arratsalde honetan eta Cincinatiko folka ezagunak, edo Mariñelaren zain eta Amaren besoetan abesti lasaiagoak. Bideo bat ere izango da lagungarri, taldearen historia ezagutzeko.













