Ormazarreta zalditegiko arduradunak dira aurtengo pregoilariak
Santikutzetako eta herriko beste hainbat jaietako eta ekitaldietako ezinbesteko osagai bihurtu diren zaldiak eta zaldunen arduradunak izango dira jaien hasierako protagonista nagusiak

Aurtengo jaien hasierako pregoia irakurtzeko eta txupina botatzeko ohorea Ormazarreta zalditegiari egokitu zaio. Santikutzetako eta herriko beste hainbat jaietako eta ekitaldietako ezinbesteko osagai bihurtu diren zaldiak eta zaldunen arduradunak izango dira jaien hasierako protagonista nagusiak.
Zalditegiko Marian Lasak azaldu duenez, «sorpresaz eta pozez beterik» jaso zuten pregoilari izateko izendapena, «eta emozio handia» sentitu zuten, ez zutelako espero.
Proiektu horretan beti ondoan izan dituzten familiartekoekin eta lagunekin igoko dira ostiral arratsaldean udaletxeko balkoira. Lasa bera arduratuko da pregoia irakurtzeaz Jon semeak eta Nahia ilobak lagunduta, eta 2010ean hasitako ibilbidea gogoratuz, eta «zaldian ibiltzen erakusteaz gain, abereak errespetatzen eta zaldiekin izadiaz gozatzen» erakutsi dutela gogoratuko du. Txupina Mariano Fernandez senarrak jaurtiko du.
Ormazarreta zalditegia 2010ean jarri zuten martxan Mantxola auzoan Marian Lasa eta Mariano Fernandez senar-emazteek. Orduz gero, makina bat jenderi zaldi gainean ibiltzen erakusteaz gain, herriko hainbat eta hainbat ekitalditan parte hartu dute zaldiekin. Besteak beste, jaietako bi danborradetan, errege desfilean edo San Joan bezperako alardean.
Aurtengo ikuskizuna
Ormazarretako zaldiak eta zaldunak jai hauetan ere izango dira kalean, eta bi danborradetan parte hartzeaz gain, ikuskizuna ere eskainiko dute maiatzaren 3a, arratsaldean, Kale Nagusian. Aurten ere, sorpresaz beterik egongo da, eta ez da dantzarik faltako.