2019-2023 legegintzaldiaren balorazioa egin du Ordiziako EH Bilduk
Prentsaurrekoa egin dute gaur goizean Ordiziako Plaza Nagusian. 2030 Ekintza Planeko ekintzetatik %26,67 egin dituztela azaldu du Adur Ezenarro alkategaiak, eta %39,53 martxan dituztela.
Ordiziako EH Bilduk 2019-2023 legegintzaldiaren balorazioa egin du, eta gaur prentsaurrekoa egin dute horren berri emateko, Plaza Nagusian. Adur Ezenarro Ordiziako alkate eta EH Bilduren alkategaiak hartu du hitza. Pandemia medio, legegintzaldia “erraza ez dela izan” aipatu du hasteko, eta Ordiziak “herri bezala erantzutea lortu” duela. 2030 Ekintza Plana izan da balorazioaren ardatza, alkatearen hitzetan, “Ordizia etorkizunerantz begira jartzen duena”.
2021eko uztailean aurkeztu zuten 2030 Ekintza Plana. 24 helburu lortzeko 210 ekintza zehaztu zituzten. Azaldu dutenez, horietatik 56 burutu dituzte, 83 martxan daude, eta 71 geratzen dira egiteko. “Alegia, %26,67 gauzatu dira, %39,53 egiten ari dira, eta ondorioz, %66,20 dago egiteko”. Duela lau urte 6 ardatzetan oinarritutako programa aurkeztu zuen Ordiziako EH Bilduk. Legegintzaldia amaitzear dagoenean, “oso modu positiboan” baloratu dituzte egindako proposamenak.
2023-2027 legegintzaldirako herri programa “laster” aurkeztuko dute, baina aurreratu dutenez, “legegintzaldi honetan ezarritako norabidean jarraituko” dute. “Bizi ditugun ziurgabetasun garaiei aurre egiteko, Ordiziako EH Bildutik epe luzerako estrategia eta plangintza eskaintzen dizkiegu ordiziarrei”. 2030 Ekintza Planeko helburuak betetzeko, “lan-talde ezin prestatuagoa, esperientziaduna, kudeaketa gaitasuna erakutsi duena eta ilusioz beteta lanerako gogoz dagoena” dutela agertu du alkategaiak.
Legegintzaldian egindako ekintzak azaldu dituzte, eta hauek nabarmendu dituzte, besteak beste: Irisgarritasun Plan Berria onartzea, Zuhaiztin Eguneko Arreta zentro berria egokitzea, larrialdietarako etxebizitza bat egokitzea, Hiri Hezitzaile proiektuari jarraipena ematea, Urdaneta eskola eraberritzeko proiektua egitea, Next Generation diru-laguntzak lortzea, merkataritza erosketa bonoak sustatzea, Klima eta Energia Jasangarrirako Plana martxan jartzea, euskara ikasteko diru-laguntzak handitzea, Harrera Plana osatzea, indarkeria matxistari aurre egiteko protokoloa onartzea, LGTBI+ diagnostikoa egitea edota Altamira irisgarri izateko plangintza egitea.