Oier Gaston, 16 urteko organista
Oier Gaston Garrido zumarragarrak 4-5 urte bakarrik zituen organoaren soinuak liluratu zuenean. Instrumentu hori jotzen ikasten ari da eta bihar bere lehenengo kontzertua egingo du Errenteriako parrokian.
Ametsak eta desioak betetzeko daude eta hori da Oier Gaston Garrido zumarragarra egiten ari dena. 4-5 urte zituenean organoaren soinua entzun zuen lehenengoz eta egunen batean instrumentu hori joko zuela agindu zion bere buruari. Jose Luis Franzesenarekin ikasten ari da eta bihar bere lehenengo kontzertua egingo du: 20:00etan, Errenteriako parrokian.
Umetan maitemindu zen organoaz. «4-5 urte nituenean, organoaren soinua entzun nuen eta amari soinu hori nondik zetorren galdetu nion. Organoa zela esan zidan. Egun batean, meza baten amaieran, organistak organoa erakutsi zidan».
LHko lehen mailan musika eskolan izena eman zuen eta tronpa jotzen ikasi zuen. «Baina niri benetan gustatzen zitzaidana organoa zen. Hori dela eta, LHko 6. mailan nengoenean piano ikasketak ere hasi nituen. Organo ikasketak hasi aurretik, pianoko bost urte egin behar direla esan ohi da. Aurten hasi ditut organo ikasketak».
Organoa ezin da musika eskola batean ikasi, instrumentu hori elizetan bakarrik baitago. Hori dela eta, eliza batera joan behar da. «Musika eskola batzuek elizarekin akordioa dute organo eskolak emateko eta ni Azpeitira joaten naiz, hemen ez baitago horretarako aukerarik. Izan ere, organista gutxi gelditzen dira. Gehienak aurreko belaunaldikoak dira. Ni Jose Luis Franzesenarekin ikasten ari naiz. Esklabetan jotzen dugu, Go!azen telesailean agertzen den elizan. Batzuetan Azkoitiko parrokiara joaten gara, bertako organoa Europako onenetakoa baita».
Oso gustura dabil Franzesenarekin. «Potentziala nuela ikusi zuen eta gustura hartu ninduen. Hiruzpalau ikasle ditu. Gazteena ni naizela uste dut. Nahiko ondo moldatzen ari naiz. Ikasten ari naizenez, ezin naiz egunero Azpeitira joan. Hori dela eta, Urretxuko parrokiari bertan entseatzeko baimena eskatu nion eta hemen entseatzen dut. Azpeitira astean behin joaten naiz eta Urretxura astean bitan».
Bere ametsa Parisko Notre Dame katedraleko organoa jotzea da. Frantziako beste bi ere asko gustatzen zaizkio: Tolosakoa eta Parisko Saint Denis auzokoa. «Hirurak egile berak egin zituen: Cavaille Coll-ek. Organo erromantikoa Frantzian sortu zen eta Cavaille Coll-ek Gipuzkoan ere arrastoa utzi zuen.
Hori dela eta, organista asko hona etortzen dira diskoak grabatzera».
Errenteriako parrokiako organoa ere ikusgarria da. Aquilino Amezuak egin zuen. Organo
horrekin egingo du lehen kontzertua. «Hango organistarekin, Ximunekin, harremana egin nuen Instagram bidez. Oso ondo portatu da nirekin. Eskerrak eman nahi dizkiot, erraztasun guztiak eman baitizkit. Hango organoa nola jotzen den irakatsi dit. Organo handia da eta errepertorio zabala lantzeko aukera ematen du».
Gastonek Bach-en pieza bat, bi inprobisazio (bata Euskal Melodietan oinarritua eta beste garai ezberdinetako piezetan oinarritua) eta berak konposatutako obrak joko ditu. «Ez dira oso elaboratuak, armonia falta baitzait, baina entzuteko politak direla esan dit irakasleak».
Etorkizunera begira, Donostiako kontserbatoriora eta Musikenera joateko asmoa du. «Hemen beste urte bat egingo dut eta ondoren kontserbatoriora joaten saiatuko naiz. Kontserbatorioko ikasketak sei urtekoak dira. Nire asmoa, ondoren Musikenera joatea da. Nire ametsa mundu mailan birak egitea da. Musikaz gain, Diseinu Grafikoa egiten ari naiz. Musikari profesionala izatea lortzen ez badut, diseinu munduan lan egingo dut», amaitu du Zumarragako gazteak.