Kuadrillen bazkaria Santikutz jaietako bigarren egunean
Azokan elkartu dira gazteak bazkaltzeko. Gauean Xiberoots taldearen kontzertua izango da plazan.
Atzo txupinazoa bota ondoren, gaur Santikutz jaietako bigarren eguna dute Legazpin. Goizean haurren 13. pilota txapelketako finalak jokatu dira Urbeltzen, eta Doinua Banda Txiki eta Doinua Gazte Bandaren kontzertuak izan dira gero, eguerdian. Bazkalordurako, Azokan elkartu dira kuadrillak, elkarrekin bazkaltzeko. Kuadrilla bakoitzak bere janaria eta edaria eraman du eta festa giroan egon dira denak batera. Arratsaldean, pilotarekin jarraituko du egunak, Binakako 14. Pilota Txapelketa Herrikoiaren finalak jokatuko baitira Urbeltzen.
Orkestra Elektrotxaranga herrigunean ibiliko da 19:30etik aurrera giroa alaitzen, eta gauean, berriz, Xiberoots taldeak kontzertua egingo du plazan, Gure Esku Dagok antolatuta.