Laboral Kutxako Iker Mintegik irabazi du 80. Lazkaoko Proba
Talde bereko Iñaki Diaz izan da bigarren sailkatua, eta hirugarrena Finisher taldeko Hugo Aznar. Oier Larrañaga, Iker Barandiaran eta Aimar Ruiz de Larramendi lazkaotarrek amaitu dute proba.
80. Lazkaoko Proba txirrindulari lasterketa jokatu da gaur, San Prudentzio festetako Umeen Egunean, Eliteko eta 23 urtez azpikoan. Laboral Kutxako Iker Mintegik irabazi du lasterketa. Bigarren postuan Laboral Kutxako Iñaki Diaz helmugaratu da, eta hirugarren postuan, berriz, Finisher taldeko Hugo Aznar.
128 kilometroko ibilbidea osatu dute txirrindulariek, Lazkaotik irtenda. Larraitzera igo dira, Lazkaomendira jaitsi, Olaberri gainetik Larraitzera abiatu dira berriro, bertatik Gaintzara joateko. Zaldibiatik Lazkaomendira joan dira gero, eta Lazkaon bukatu dute ibilbidea.
Herriko 3 txirrindularik ere jaso dute proba bukatzeagatik haien garaikurra: Telco taldeko Oier Larrañagak, Laboral Kutxako Iker Barandiaranek eta Debabarrenako Aimar Ruiz de Larramendik. Proba irabazi duenak, Iker Mintegik, Euskaldun Txapelketako liderraren maillot-a jantzi du. Aurretik ere bera zihoan lider.
Sailkapena eta sariak:
- Lehen sailkatua: Iker Mintegi (Laboral Kutxa). Txapela, garaikurra, lore sorta eta erlojua.
- 2. sailkatua: Iñaki Diaz (Laboral Kutxa). Garaikurra.
- 3. sailkatua: Hugo Aznar (Finisher). Garaikurra.
- Mendate Saria: Diego Uriarte (Finisher). Garaikurra.
- Taldekako Saria: Laboral Kutxa. Garaikurra.