Pertika erakustaldia, Erauskin plazan
Pertika erakustaldia egin dute gaur arratsaldean talde ezberdinetako 10 atletak, Beasaingo Erauskin plazan, Txindoki Atletismo Taldeak udalaren laguntzarekin antolatuta.
Txindoki Atletismo Taldeak Atletismo Erakustaldia antolatu ohi du, atletismoa pistatik atera, kalera eraman eta herritarrengana gerturatzeko helburuarekin. 9. edizioa egin dute gaur, Beasaingo udalaren laguntzarekin, Erauskin plazan, eta pertika izan da jendarteratu duten kirola. Ordizian, Lazkaon eta Beasainen egin ohi du Txindokik, txandaka, eta aurten Beasainen izan da. Talde ezberdinetako maila altuko 10 atletak parte hartu dute, 7 neska eta 3 mutil. Jende ugari gerturatu da erakustaldia ikustera.
Neskek egin dituzte jauziak lehenengoa. Malen Orduñak (Bidasoa Atletiko Taldea), Ane Castillo (Atletico San Sebastian), Getary Gonzalez (Real Sociedad), Alaine Hernandez (Pamplona Atletico), Sofia Granja De Zuasnabarek (La Blanca), Maddi Mendizabal zegamarrak (Txindoki AT) eta Elorri Garcia ordiziarrak (Txindoki AT) parte hartu dute. Azkenean, Malen Orduñak eta Ane Castillok lortu dute erakustaldiko markarik onena, 3,9 metroko jauziarekin.
Ondoren mutilen txanda izan da. Ander Martinez de Rituertok (Real Sociedad), Mario Estangak (Bidasoa Atletiko) eta Asier Añorgak (Real Sociedad) parte hartu dute, eta Ander Martinez de Rituertok lortu du markarik onena, 5 metrorekin.