Sant Feliu de Llobregat-eko konpartsari harrera egin diote Lazkaon
Ondoren, Lazkaoko konpartsarekin batera kalejiran ibili dira. Azaroan lazkaotarrak joan ziren Kataluniara.
Lazkaoko San Prudentzio jaietako Umeen Eguna ospatzen dabiltza gaur lazkaotarrak. Txistularien goiz eresiarekin hasi da eguna. Eguerdian, Sant Feliu de Llobregat-eko (Katalunia) konpartsari harrera egin dio Lazkaoko konpartsak, udaletxean. Plazara jaitsi dira, eta bertan dantza egin ondoren, kalejiran atera dira bi konpartsak elkarrekin. Erraldoiak dantzan ibili dira, eta buruhandiak maskuriekin korrika, dulzaineroen musikarekin.
Lazkaon 2019an konpartsa osatu zutenean hasi zuten harremana. Lazkaoko konpartsako kideak azaroan izan ziren Sant Feliu de Llobregat-en, hango kideek gonbidatuta.
Arratsaldeko egitaraua:
- 17:30. Harri jasotze eta sokatira erakustaldia: Ibarrako emakume sokatira taldea, Paulo Azpiazu eta Gari Garmendia, eta Beasaingo harrijasotzaileak.
- 19:00. Haurren play-backa.
- 19:00. Sardina jana.
- 22:00. Ayvee eta Oihan Vega. Txosna Batzordearen karpan.
- 18:30. Distopia elektro-txaranga.
- 23:00. Kontzertuak: Alarma Morea, Dena eta Dupla. Mugimendu Sozialista karpan.
- 22:00. Kontzertuak: Bokaseka, Kef eta Little Martin, eta Balloon Frame.