Aralarko larreak ireki dituzte
12:00etan suziria jaurti dute eta artalde eta aziendak mendira eraman dituzte. 1.040 behi, 910 behor eta 16.100 ardi larratuko dira aurten Aralarren. Azoka postuak, bertsolariak edota aizkolariak izan dira irekiera festan.
Enirio-Aralarko Mankomunitateak antolatutako larre irekiera festa egin dute gaur eguerdian Larraitzen. Jai giroa izan da goizetik. 10:00etan artisau eta salmenta postuak ireki dituzte: baserriko ogia, erle-produktuak, taloak, ardi eta ahuntz gazta, zapatak edota sagardoa egon dira salgai. 11:30ean Arantxa, Ainhoa eta Maider Ansa ahizpek kantaldia egin dute, eta 12:00etan, irekiera festako suziria bota eta artalde eta aziendak mendira eraman dituzte, Aralarko sarbidea den langa pasata.
Inoizko ganadu larri kopuru handiena larratuko da aurten Aralarren: 1.040 behi eta 910 behor. Ardien kopurua, aldiz, behera doa. Aurten 16.100 igoko dira –iaz 17.000 pasa ziren–.
Animaliak larreetara eraman ondoren jarraitu du festak. Suharri Rodriguez eta Jokin Urretabizkaia aizkoran aritu dira, Lur Errekondo harriarekin, eta Mikel Mendizabal eta Bixente Gorostidi bertsotan. Artile, saski eta harri-lantze saioak ere izan dira. Goizean euria egin badu ere, eguerdirako baretu du eta eguzkia atera da. Jende ugari inguratu da Larraitzera Aralarko larre irekiera festaz gozatzera.