Enirio-Aralarko Mankomunitatearen agintaldia "porrot hutsatzat" jo du ENBAk
"Agintarien jokabidearekin oso haserre" agertu da nekazal sindikatua. Larre irekieraren harira, "ospatzeko ezer gutxi" dutela adierazi dute.
ENBA nekazal sindikatuak Enirio-Aralarko Mankomunitatearen agintaldiaren balorazioa egin du eta “porrot hutsatzat” jo du. Balorazio ezkorra kaleratu du agintaldiaren amaiera den honetan, “agintarien jokabidearekin oso haserre” agertuz. Gaurko larre irekiera festaren harira esan dute abeltzainek “ospatzeko ezer gutxi” dutela.
“Enirio-Aralarko Mankomunitateak mendira igotzen diren abeltzainekin zituen interlokuzio osoa lehertu du eta egun, ez dago inongo komunikaziorik abeltzainen ordezkarien eta Mankomunitateko agintarien artean”.
Interlokuzio falta horren ondorioz, Mankomunitateak “bere norabide propioa finkatu eta gauzatu” du ENBAren esanetan, “abeltzainek aldarrikatutako azpiegiturak eta lanak alboratuz eta mantenimenduko gutxieneko lanera mugatuz”.
Honela amaitu dute komunikatua:
“Beraz, argi ikusi dugu, egungo Mankomunitateko gehiengoak, EH Bilduko hautetsiek osatu eta gidatzen dutena, abeltzainak alboratu eta gutxietsi eta talde ekologistek markatutako bideari jarraitu diotela, mendikoei bizkarra eman eta mendira aisialdirako igotzen direnei arrazoia emanaz.
Egoera penagarri honek ondorio latzak ekarriko ditu mendirako eta abeltzaintzarako eta, bide honetatik jarraituz gero, argi eta ozen esan beharra dago, arduradun bakarrak izango direla, hau da, EH Bilduko herri hautetsiak.
Abeltzainok haserre, nekatuta eta etsita gaude, baina oraindik, bizirik!”.