Haur eta gazteentzako udako aisialdi zerbitzuan izena eman daiteke jada
Izen ematea bihartik maiatzaren 9ra arte egongo da zabalik. Udaleku zerbitzua ekainaren 22tik uztailaren 28ra luzatuko da. Gaztelekuko ekintzak nerabeekin adostuko dira maiatzean.
Zegamako Udalak haur, gazte eta nerabeentzako udako aisialdi zerbitzua prestatu du beste behin. Ekainaren 22tik uztailaren 28ra luzatuko da, hiru multzotan banatuta: haur txokoa, haurrentzako zerbitzua eta nerabeentzako zerbitzua. Izena emateko epea bihar irekiko da eta maiatzaren 9ra arte luzatuko da. Izen emate orriak eta informazio zehatzagoa eskolan bertan banatuko zaie haurrei. Izena liburutegian eman daiteke, 16:30etik 19:00etara.
Haur txokoa 2020an jaiotako haurrei zuzendutako zerbitzua da. Astelehenetik ostiralera egongo da erabilgarri, 9:00etatik 13:00etara. Udaletik jakitera eman dutenez, izena ematen duten haurren kopuruaren arabera kalkulatuko da matrikularen zenbatekoa.
Parte hartzea sustatzeko
Udaleku irekiek,—haurrei nahiz nerabeei zuzendutakoak—herriko haur eta gazteen artean parte hartzea sustatzea dute helburu, besteren artean. Haurrei zuzendutako zerbitzuan 2012 eta 2019 urte artean jaiotako haurrek eman ahal izango dute izena. Bi ordutegi izango dituzte aukeran: 9:00etatik 13:00etara —80 euro— eta 10:00etatik 13:00etara —70 euro—. Lau orduko zerbitzua osatzeko, gutxienez, sei haurrek izena eman beharko dute.
Nerabeei zuzendutako zerbitzua Bele Gazte gaztelekuak kudeatuko du. Maiatzean zehar nerabeekin batera adostuko dituzte udaran egin beharreko ekintzak zeintzuk izango diren. Zerbitzua 12 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago.