Idiazabalgo mami txapelketan izena eman daiteke jada
Asteburu honetan ospatuko den Gazta Azokaren baitan jokatuko da Idiazabalgo 22. Mami txapelketa, larunbatean. Txapelketa idiazabaldar guztiei irekita dago eta parte hartzeko izena emateko epea ostegunera arte egongo da irekita. Izena udaletxean eman behar da eta ontziak izena ematerako orduan jaso ahal izango dira.
Mamia egiterako orduan esneak ardi latxarena izan behar du eta ez da azukrea edo bestelako gehigarririk onartuko. Mamia egiteko esnea nongoa den adierazi beharko da izena ematerako orduan.
Parte hartzaile bakoitzak etxean egin beharko du mamia eta bi ontzitan aurkeztu beharko du maiatzaren 6an, 11:00etan Mikel Deunaren plazan. Dastatzea 11:15ean egingo da. Irabazleentzako lehenengo, bigarren eta hirugarren sariak egongo dira, baina parte hartzaile guztiek jasoko dute sariren bat. 12:45ean mamia egiteko ikasteko ikastaroa eskainiko du Olatz Aranburuk eta jarraian egingo dute sari banaketa ekitaldia.