Irati Zubizarretak eta Aitor Zunzunegik Munduko Kopako finalerako txartela lortu dute
Mendi lasterketetako lehenengo proban, Calamorro Skyrace lasterketa, bederatzigarren geratu dira bi goierritarrak.
Irati Zubizarreta beasaindarrak eta Aitor Zunzunegi legorretarrak mendi lasterketen Munduko Koparako puntuagarria den 14. Calamorro Skyrace lasterketan parte hartu dute asteburuan, emaitza oso onekin, bero izugarria eginda ere. Izan ere, bi goierritarrek, bederatzigarren postuan amaitu zuten, eta horri esker, finalerako txartela lortu dute, urriaren 28ko asteburuan jokatuko dena, Italiako Limone herrian.
Azken aste eta hilabeteetako lan ona, fruituak ematen ari da, Zubizarretaren eta Zunzunegiren kasuan; Euskal Selekzioaren elastikoa janzteko aukera eman die, horrekin batera, mendi lasterketetako Munduko Kopan parte hartzeko txartela ere lortuz. Bi lasterkariek «ilusio eta gogo» handiarekin bidaiatu zuten ostiralean Benalmadena aldera.
Irati Zubizarretak, urte bat baino gehiago egin du lehiatik kanpo, baina itzulera bikaina izaten ari da. Benalmadenako mendi lasterketan, 3:53:58 denboran osatu zuen 27 kilometroko ibilbidea, lehenengo 10 onenen artean zeharkatuz helmuga.
Aitor Zunzunegik ere, 2:54:56 denborarekin, kasualitate polita bete zuen, honek ere bederatzigarren postua lortu baitzuen. Munduko Kopan, debut paregabea izan da legorretarrarena.
Bigarren hitzordua, Frantziako Alpeetan
Honakoa, Munduko Kopako lehen proba izan da. Hurrengo hitzordua, Skyrace des Mathysins, Frantziako Alpeetan, maiatzaren 14an izango da. Beasaindarra bertan izango da.
Zunzunegik aurreratu duenez berriz, Zegama-Aizkorri lasterketan parte hartuko du, asteburu berean jokatuko dena. Munduko Kopan bigarren aukera, ekainaren 17an izango du, Madeiran (Portugal), Ultra Skyrunning Madeira lasterketan.