Udalekuetarako zuzendari eta begirale bila dabil Ezkioko Udala
Ezkioko udaleku irekiak uztailaren 3tik 28ra burutuko dira aurten. 3 urtetik gorako haurrei zuzendutako zerbitzua izango da. Izena udaletxean eman daiteke jada, 943 72 13 03 telefonora deituta. Maiatzaren 19a izango da azken eguna.
Familiako haur kopuruaren araberakoa izango da zerbitzuagatik ordaindu beharreko zenbatekoa. Haur bat dutenek 50 euro, bi dituztenek 70 euro eta hiru edo haur gehiago dituztenek 85 euro. Izena ematerako orduan lehentasuna izango dute herrian erroldatutako haurrek eta izena ematen dutenen arabera antolatuko dituzte taldeak eta programa.
Lan eskarmentua
Zerbitzua martxan jarri ahal izateko udalekuetarako zuzendari eta begirale lanpostuetarako deialdia ere egin du Ezkioko udalak. Lanpostuetara aurkezteko epea ere irekita dago jada eta maiatzaren 22ra arte jasoko dituzte eskaerak Ezkioko udaletxean. Eskaera orriarekin batera curriculum-ak aurkeztea ere eskatu dute udaletxetik. Aurretik lan eskarmentua izatea edo euskara egoki menperatzea baloratu dira, besteren artean, aukeraketa egiterako orduan.
Izena udala@ezkio.eus helbide elektronikoan eman daiteke. Argibide edo informazio gehiagorako 943 72 13 03 telefonora deitu daiteke.