Herriko ganaduzaleen festa
Behiak, zaldiak eta behorrak, astoak eta ahuntzak jarri dituzte ikusgai Kale Nagusian Legazpiko 15 ganaduzalek. Arkumea eta taloak jateko aukera ere izan da.
Herriko ganaduzaleei eskaini diete goiza gaur Santikutz jaiek Legazpin, eta baserrietan eta mendietan duten ganadua jarri dute ikusgai Kale Nagusian. Gero, senide arteko bazkarian elkartu dira guztiak.
Beoki, Elortza, Astaola, Lakiola Etxeberri, Eguzkitza, Zabaleta, Agirrezabal, Muru, Ibarrola, Egizabal, Lakiola Haundi, Urtatza, Haizeta, Zubiaurre eta Uberkalde baserrietan nolako behiak, behorrak, ahuntzak eta astoak hazten dituzten ikusteko aukera izan dute herritarrek, baita jokoan egiteko ere. Izan ere, Lakiola Haundi baserrikoek erakustaldira eraman duten zezenaren pisuarekin apustua egiteko aukera eskaini dute. Pisua 1.380 kilokoa zen, eta hiru apustularik bete-betean asmatu dute: Jon Zabalok, Jon Telleriak eta Ane Letek. Bertatik Bertara bertako produktuekin osatutako loteak irabazi dituzte.
Ganadu feriaren ondoan, Gure Esku Dagok burruntzian erretako arkumea eman du dastatzera, eta Telleriarteko talogileek, taloak. Beste hainbat postu ere jarri dituzte Kale Nagusian zehar, besteak beste Xalinko keramika eta Txirbil egur tailla elkarteek, zizareekin konposta egiten duten Brinkolako Juan eta Eneko Altzelai aita-semeek, Telleria eta Makatza gaztagileek eta Fermin Goenaga belar-ukendu egileak.
Plazan, bitartean, familia bazkarirako paella prestatzen jardun dute Lekanazpi elkarteko kideek, 230 errazioko paella erraldoia, alegia. Eta kaleetan gora eta behera, Trapalata txaranga gaztea ibili da giroa jartzen.