«Aralar bere osotasunean landu nahi nuen, nolakoa den erakutsi»
‘Aralar, balioen eta interesen aniztasuna parke natural batean’ lanarekin, lehen sektoreko lanak aitortzeko Neiker saria lortu du Aitor Garmendiak (Itsasondo, 2000).
Zer dela eta aurkeztu zinen CAF-Elhuyar sariketara?
Lana eginda neukan. Gradu Amaierako Lana egin nuen Aralarren inguruan. Sariketa hau aurretik ere ezagutzen nuen, baina ez zitzaidan burutik pasa aurkeztea. Aurtengo deialdia ikusi nuen eta lehen sektoreko kategoria zegoela ikusi nuenean nire gaiak enkajatzen zuen. Baldintzak betetzen zituen galdetu nuen, baietz esan zidaten eta horrela aurkeztu nintzen.
Aralar, balioen eta interesen aniztasuna parke natural batean izena du lanak. Zer konta dezakezu labur lanari buruz?
Izenburua jartzea ere zaila izaten da, baina azkenean dena biltzen zuen izenburua zen hori. Nire asmoa zen Aralar bere osotasunean lantzea. Ikusi dut Aralarren barruan badaudela giza interesak, balio naturalak eta bestelako balio sozialak ere. Guzti hori nola uztartzen den azaltzen ahalegindu naiz, ikuspuntu desberdinak kontuan hartuz eta guztia lan batean sartuz. Halere, izenburu horren barruan bi lan daude: erreportaje sakon bat eta elkarrizketa sakon bat bertako artzain batekin.
Epaimahaikideek aintzat hartu dute gai eztabaidatsua izanik eragile ezberdinak hartu dituzula kontuan.
Nik Aralar bere osotasunean landu nahi nuen, Aralar nolakoa den erakutsi. Iruditzen zait nik bezalaxe goierritar gehienok badakigula hor dagoela, Txindokira askotan igo garela, baina ez dakigula benetan zer daukan barruan, eta hori azaltzea zen nire asmoa. Eztabaida banekien hor dagoela, eta horregatik ez nuen horretan sartu nahi, baizik eta guztiontzat zer daukan erakutsi. Baina hor dago, gehien bat pisten auziarekin, eta gehiago ere badaude. Aralar azaltzeko, dagoen eztabaida ere landu egin behar izan nuen, behin lantzen hasita alderdi guztiez hitz egitea beharrezkoa zelako, bestela hankamotz geratzen da.
«Aralar azaltzeko, dagoen eztabaida ere landu egin behar izan nuen»
«Batzuek balantzaren alde batean jartzen dute pisu gehiago, eta besteek bestean»
Gai korapilatsuak lantzea ez da erraza. Zailtasunik izan duzu?
Zailtasunak ez ditut izan. Gehienek baietz esan didate elkarrizketei. Momentu batzuetan izan ditut elkarrizketa tentsoagoak, baina gehienean eskertu beharra daukat, irekita azaldu zaizkit eta haien iritziak argi azaldu dizkidate.
Zer ondorio atera dituzu?
Lanean ez ditut azaldu, baina nire ondorioak atera ditut: jendeak ez duela ezagutzen zer altxor daukagun Aralarren, bai baliabide natural aldetik, bai gizakiak daukan balioaren aldetik, aisialdirako bertan lan egiten dutenentzat, eta artzainentzat. Gainera, ez dugu ezagutzen zer bizimodu duten artzainek.
Eta eztabaidaren inguruan?
Eztabaida handia dagoela dirudien arren, eta elkarren arteko jarrerak oso urrun dauden arren, ondorioa da iritsi daitekeela akordio batera. Alderdi guztiek aipatzen zidaten oreka hitza. Denek nahi dute balio naturala mantentzea, eta denek nahi dute artzainak mantentzea. Inork ez du nahi artzainik gabeko Aralar bat, eta naturak bere balioa galtzen badu, artzaintzak ere ez du zereginik hor.
Akordioa posible dela diozu.
Bide ezberdinetatik iritsi nahi dute puntu horretara. Batzuek balantzaren alde batean jartzen dute pisu gehiago, eta besteek bestean. Hori orekatzea izango da kontua. Ematen du ezinezkoa dela, baina nire sentsazioa da mahai gainean jarriz gero, iritsi daitekeela akordioetara. Eztabaida politizatuta dago, eta hauteskundeekin gehiago urrundu dira jarrerak.