Beasainen jokatuko da Udaberri torneoko finala
Ataunen ligako jaialdi bat jokatuko dute. Ekainaren 2an izango da finala. Bertsoak eta pilota uztartuko dituzte.
Udaberri bertso-pilota txapelketako finala Beasainen jokatuko da. Ekainaren 2an izango da, Antzizar pilotalekuan. Denek denen aurka jokatuko dute aurretik, liga formatuan. Irabazitako partida bakoitzagatik puntu bat jasoko du taldeak eta gehien dituztenek jokatuko dute finala. Ataunen jokatuko da ligako jaialdi edo jardunaldi bat. Beste partidak Azpaitian, Itziarren, Zubietan, Zumaian eta Altsasun izango dira. Han izango da lehen jaialdia, etzi. Gaur egin dute aurkezpena, Igartza jauregian.
Hamabi pilotari lehiatuko dira, lau taldetan: Eguzkiloreak, Mitxoletak, Kukuprakak eta Bitxiloreak. Talde bakoitzak hiru pelotari ditu, hortaz. Lau eta erdian eta binaka jokatuko dute. Botileroak erabaki beharko du nork jokatuko duen kaiolan eta nork, binaka. Botilero lanetan bertsolariak arituko dira: Anjel Mari Peñagarikano eguzkiloreekin, Maialen Akizu urretxuarra mitxoletekin, Aitor Sarriegi beasaindarra kukuprakekin eta Nerea Elustondo legazpiarra bitxiloreekin. Bertsolariek aitortu dute pilotan asko jokatutakoak ez direla, baina ondo moldatuko direla aurreikusi dute. Bertso bana abestera ere animatu dira.
Leire Artola Beasaingo alkateak eta Elena Ruiz kirol zinegotziak ere parte hartu dute aurkezpenean. Artolak nabarmendu du Udaberri torneoak euskal kulturako bi sinbolo uztartzen dituela: pilota eta bertsoa. Berdintasunaren bidean egindako bideari ere garrantzia eman dio, pilotari emakumeek osatutako txapelketa dela azpimarratuta.