Dantza Asteburua Ordizian, bihartik igandera
Ostiralean herriarteko dantzari gazteen topaketa izango da, larunbatean zortzikoa, eta igandean Dantzari Txiki eguna.
Bihartik igandera arte, lau egunez, dantzak hartuko ditu Ordiziako kaleak, Dantza Asteburuaren 6. edizioa izango baita, Amets Bide dantza taldeak antolatuta. Bihar Azken dantza maisua dokumentala emango dute Herri Antzokian, ostiralean herriarteko dantzari gazteen topaketa izango da, larunbatean, zortzikoa, eta igandean, Dantzari Txiki Eguna.
Jalgi hadi dantzara lelopean, egitarau zabala prestatu dute. Izaro Insausti Amets Bideko kideak azaldu duenez, duela 6 urte antolatu zuten lehendabiziko aldiz Dantza Asteburua. Igandean Dantzari Txiki eguna ospatzen zenez, larunbatean zortzikoa sartzea erabaki zuten dantzariak elkartzeko asmoz, eta pixkanaka programa osatzen joan dira urtez urte. “Haurrena bakarrik ez, helduen dantza ere badenez, dantza taldeko helduek eta urtean zehar dantza taldean parte hartzen ez duten baina dantzari direnek, urtean behin dantza egiteko aukera izan dezaten sortu genuen zortzikoa”.
Urtearen arabera, asteburua modu batera edo bestera osatzen dute. Iaz, ballet dantzariek baranda dantza egin zuten, baina aurten ez dute Dantza Asteburuan sartu eta ekainean egingo dute.
Hau da asteburuko egitarau osoa:
Bihar, maiatzak 4:
- Azken dantza maisua dokumentala eta solasaldia, Herri Antzokian, 19:30ean.
Ostirala, maiatzak 5:
- Herriarteko dantzari gazteen topaketa, Plaza Nagusian, 19:00etan. Lazkaoko, Altzoko, Ibarrako eta Ordiziako dantza taldeak elkartuko dira.
Larunbata, maiatzak 6:
- 19:00etan, Ordiziako 6. zortzikoaren hasiera, Barrena parkean.
- 20:00etan, Ordiziako 6. zortzikoaren amaiera, Plaza Nagusian.
- 21:30ean, parte hartzaileen arteko afaria, Plaza Nagusian.
- 23:00etan, sinadura ekitaldia. Aurreko ekitaldietan dantzan atera direnei oroigarria banatuko diete.
- 23:15ean, erromeria Iratzar taldearekin.
Igandea, maiatzak 7:
- Dantzari Txikien desfilea herrian zehar, 11:30etik aurrera.
- Alardea Barandiaran plazan, 13:15ean.
- 14:00etan bazkaria plazan.
- 15:30ean, disko-festa Xaibor-ekin, Plaza Nagusian.