Familian euskara transmisio kanpaina batean parte hartzeko deia egin dute
Lazkaok EAEko beste hamar udalerrirekin batera parte hartuko du. Herriko familiei dei egin diete, 0-6 urte bitarteko haurrak dituztenei. Izena eman behar da, eta datorren astean hasiko da.
Familiaren bitartez hizkuntzaren transmisioa bultzatzeko kanpaina batean parte hartuko du Lazkaoko herriak. Udalak bat egin du Eusko Jaurlaritzak sustatutako egitasmoarekin, eta herriko familiei dei egin die bertan parte hartzeko. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako beste 11 udalerri ariko dira Familia bidezko hizkuntza transmisioa bultzatzeko proiektuan, Lazkaorekin.
Euskararen erabilera sendotzeko, etxean ohitura hartzea da egitasmoaren funtsa. «Etxeko hizkuntza-ohituretan eragitea da xedea, bereziki, gurasoen eta seme-alaben artekoetan, baina gurasoen beraien artekoan, anai-arreben artekoan edo beste senitartekoen artekoan ahaztu gabe».
Izena, ostiralerako
Haur txikiak dituzten Lazkaoko familiei zuzenduta dago proiektua, 0 eta 6 urte bitarteko seme-alabak dituztenei. Lehenbizi, izena eman behar dute, lazkao.eus webguneko albistean dagoen Google Forms plataforman galdetegi bat beteta. Izen-emate epea maiatzaren 5ean itxiko dute, ostiralean.
Proiektuan parte hartuko duten familiekin saio batzuk egingo dituzte, ondoren. Datorren astean hasiko da prozesua, eta lehenengo saioa maiatzaren 8an, astelehena, 18:00etan udaletxean egingo dute.
Ostalaritzarako oinarrizko hiztegia atera dute
Euskara ostalaritzan ere gehiago erabil dadin, udalak Gau eta egun, euskara lagun hiztegia argitaratu du. Lazkaon ostalaritzan lan egin eta euskaraz ez dakitenentzat da. Oinarrizko 200 hitz ditu, eta egunean bi hitz ikastea da metodoa.