‘Leihotik begira’, ikasle denen parte-hartzearekin
Alkartasuna Lizeoko bosgarren eta seigarren mailako ikasleek ‘Leihotik begira’ horma irudia gaur bukatuko dute. Arte ikasgelan, Xabier Anuntzibai artista beasaindarrekin batera garatu dute proiektua.
Leihotik begira izenburupean, horma irudia egiten ari dira Beasaingo Alkartasuna Lizeoan. Xabier Anuntzibai arte urbanoa egiten duen artista beasaindarrak, bosgarren eta seigarren mailako ikasleekin garatu du proiektua, bi ikasturtetan zehar, eta amaiera emango diote gaur.
«Arte ikasgelan zerbait desberdina planteatu nahi genuela-eta, horrela abiatu ginen» kokatu du proiektua Olaia Elortza Alkartasuna Lizeoko zuzendariak. «Xabier Anuntzibairen lana aurretik ere ezagun genuen eta eskolako gurasoa ere badenez, proposamena luzatu genion», osatu du. Iazko ikasturtean hasi ziren, eta ikastetxeko sarrerako alde bat margotu zuten. Proiektuak izandako «arrakasta» ikusita, aurtengo ikasturtean jarraipena eman diote, eta bihar bukatuko dute.
Arte proiektu oso bat
Arte ikasgelako praktika bezala baliatu dute, arte proiektu bat hasieratik bukaerara nola egiten den ezagutzeko aukera paregabea izan delarik. Irudia artista beasaindarrak osatu zuen, «ikasle denei, ariketa edo errekurtso material ezberdinekin margotzeko aukera eman zaie», azaldu du Anuntzibaik. Izan ere, «denen proiektua izatea nahi genuen, ikasle denen parte hartzea bultzatzea», zehaztu du. Hala, «140 inguru ikasle» aritu dira, eta «denek» jarri dute euren aletxoa. Asteazkenero hamarreko taldetan aritu dira lanean, eta azkeneko saioa gaur egingo dute.
Horma irudiaren izenburua Leihotik begira da. «Naturan aurki daitezken elementu desberdinak daude, eta norbere irudimenetik interpretatzeko gonbita egiten du» , azaldu du artistak. Proiektu zabala izan da eta serigrafia ikastaro bat ere egin dute. Horma irudian agertzen diren hainbat marrazki hartu eta kamisetak egin dituzte.
Emaitzarekin «gustura»
Olaia Elortza Alkartasuna Lizeoko zuzendaria «oso pozik» dago proiektuak emandakoarekin eta emaitzarekin. «Arte eskolak praktikoak izan ohi dira, baina hau izan da proiektu handi bat hasieratik bukaerara burutzeko aukera ematea gure ikasleei», borobildu du.