Perico Delgadok Goierri promozionatuko du Tour-ean
Tourrak eskualdean egingo duen ibilbidea egin du bizikletan. Ekimena Goiturrek bultzatu du. Eskualdea «bere osotasunean» ezagutzeko aukera izan du txirrindulari ohi eta esatari espainiarrak.
Pedro Delgado (Segovia, Espainia, 1960) txirrindulari ohia Goierrin izan da bertako txokoak ezagutu eta bideoan grabatzen. Uztailaren 2an, Tourreko etapetako bat Goierritik igaroko dela aitzakia hartuta, eskualdea promozionatzeko irudiak grabatu ditu Goiturrekin egindako hitzarmen baten harira. Txirrindularitzak «lekuak promozionatzeko gaitasun handia» duela uste du Delgadok.
Segoviarrak Goiturreko Jon Ubiderekin batera egin ditu bizikleta gainean, Tourreko etapak eskualdean zehar igaroko dituen 30 kilometroak, Aztiriko gainean hasi eta Larraitzera bitartean. Aurretik bizikletan egindako lasterketei esker, Ordizia, Segura edo Zegama ezagutzen zituela aitortu du Delgadok, baina ez eskualdea bere osotasunean.
Atzo iritsi zen Delgado Goierrira eta Ordiziako hotelean hartu du ostatu. Gaur Ordizian azoka eguna izaki, bertan egin dute lehendabiziko irudien grabazioa. Goierriko leku esanguratsuenak erakusteaz gain, bertako ohiturak eta ondarea ere promozionatuko ditu Delgadok. Aztiritik Zerainera eta handik Segurara arteko bidea egin dute goizean. Seguran bazkaldu eta gero, Idiazabal, Beasain eta Zaldibia igarota Larraitzeko gainean amaituko dute ibilbidea arratsaldean. Delgadok «liluratuta» geratu dela aitortu du, «bereziki gustatu zait Zeraingo meatze gunea, baita Segurako herria ere bere jauregi eta guzti», esan du Segurako Ondarre gaztandegian egindako geldialdian.
Promozio turistikoa
Niko Osinalde Goiturreko zuzendariak azaldutakoaren arabera, bi helburu nagusi ditu ekimenak. Batetik, «uztailaren 2ko Tourreko etapan Goierritik igaroko diren 30 kilometroak iruditan jasotzea, ondoren, zikloturismora zuzendutako turismo ekimenetan erabili ahal izateko». Era berean, Delgadok bere sare sozialetan zabalduko ditu gaur grabatutako irudiak «Goierriko parajeak ezagutzera emateko». Bestetik, eta uztailaren 2ko etapari begira, — Delgadok zuzenean emango du Espainiako telebista katean—, «informazioa biltzeko eta inguru ezagutzeko» baliatu du aukera txirrindulariak. Tourreko etapan zehar zuzeneko irudiak eskainiko dituzte, eta gaur egindako lanari esker «eskualdeari buruzko informazio osatuagoa» emango du Delgadok
Tentsio handiko etapa
Goierriko etapari begira, «tentsio handiko» lasterketa izango dela uste du Delgadok. Lehenengotariko etapa izateaz gain, orografiaren ezaugarriek are gehiago zailduko dute ibilbidea, «bihurgunetsua da, aldapa askokoa, errepide estukoa… guzti horrek tentsioa areagotu du», esan du.