Beasaingo EH Bilduren proposamenak "guztiontzat, elkarrekin herri bizi bat eraikitzea" du ardatz
Beasaingo EH Bilduk udal hauteskundeetarako hautagaien zerrenda eta proiektuaren nondik norakoak aurkeztu ditu jendaurrean. "Beasainek behar duen aldaketa martxan" dela nabarmendu du Hasier Agirre Elkoroberezibar Beasaingo EH Bilduren alkategaiak.
Beasaingo EH Bilduk ekitaldi publikoa egin zuen ostiral arratsaldean Zubimusu plazan, maiatzaren 28ko udal hauteskundeetarako zerrenda osoa eta hurrengo urteetarako proiektuaren ardatzak aurkezteko. Ekitaldian Hasier Agirre EH Bilduko alkategaiaren eta taldeko kideen hitz hartzeak izan ziren. “Guztiontzat, elkarrekin eraikiko dugun herri bizia izango da Beasain. Esaldi honek bikain laburbiltzen du gure eredua, zer eta nola. Elkarrekin guztiontzat, horrelakoa da maite dugun Beasain” nabarmendu zuen Agirrek ekitaldian parte hartu zuten herritarrei zuzenduz.
Hurrengo hauteskundeen garrantzia azpimarratu zuen Agirrek, eta alderdiak beasaindarren behar eta kezkekin duen konpromisoa. Bide horretan, “lidergo berriak beharrezkoak” direla uste du EH Bilduren alkategaiak. “Politika konbentzionalaren desgaste garaiak bizi ditugu, eragile eta erakundeen arteko lankidetza formulak egituratu behar dira, komunitatea oinarri izango duten instituzioak eraikiz”, azpimarra egin zuen. “Kolaboratzetik kooperatzera pasatu behar gara, hierarkiarik gabeko harreman espazioak sortu, eta erabakietan parte izateko aukera eman”, osatu zuen.
Gainera, konponbide berriak beharrezkoak dira Beasaingo EH Bilduren zerrendaburuarentzat; “desberdintasun sozialek, kultura aniztasunak, identitate aniztasunak, krisi ekologikoak edo biztanleria desorekak, politika berriak eskatzen dituzte”. EH Bilduren eredua da “komunitatean oinarritutako politika, herritarrekin elkarlanean egiten diren politikak”, borobildu zuen Agirrek
Hori guztia aurrera emateko talde “anitza, parekidea, esparru ezberdinetan ari dena, eta freskoa” aurkeztu du EH Bilduk Beasainen. Ondorengoek osatzen dute: Hasier Agirre Elkoroberezibar, Nerea Manzisidor Mendizabal, Aitor Urdangarin Irastorza, Yolanda Hernandez Rodriguez, Iker Urteaga Rebollar, Xabier Remingio Moreno Iruin, Aloña Etxezabal Muñoa, Maite Biain Gamayo, Asier Imaz Telleria, Esti Amenabarro Iraola, Aitor Mujika Calvillo eta Janire Monroy Usandizaga.
Zazpi proiektu
Beasaingo EH Bilduren taldeak “Beasainek behar duen aldaketa martxan” dela uste du, eta zazpi proiektu garrantzitsu proposatu dituzte, oinarrian “beasaindarren bizi kalitatea hobetzea” dutenak: Olaran faktorian erabilera anitzeko gune bat egitea; etxebizitza duina guztiontzat; ongizatea; ludoteka eta gaztelekua irekitzea; zaintza erdigunean jartzea; emakumeen etxea martxan jartzea; eta mugikortasun osasuntsua sustatzea.
Auzoz auzo
Alderdiko hautagaiak herriko hainbat tokitan izan dira azken asteetan, beasaindarren kezkak eta ekarpenak entzuteko, eta EH Bilduren proposamenak aurkezteko.
Asteazkenean, hilak 10, Igartzako auzotarrekin izango dira, Igartza Oleta 6 zenbakian, 17:30etik 19:30era.