Beasaingo eta Urretxu-Zumarragako ikastolek Kaixomundua.eus lehiaketan hiru sari irabazi dituzte
Eskola-komunitateari begira sortutako proiektua da eta webguneak sortzen ikasiz, gaitasun digitalen ezagutza sustatzea eta eduki digitalak euskaraz sortzea ditu helburu sariak
Puntueus Fundazioak antolatzen duen Kaixomundua.eus lehiaketaren IV. edizioan banatu diren lau sarietatik hiru Goierrira etorri dira. Beasaingo Andramendi ikastolako bi ikasgela, eta Urretxu-Zumarraga Ikastolako Ezientzia taldea izan dira saridunak. Laugarren saria ES Elgoibar BHI ikastetxeko Korrikazlagundu taldeak jaso du.
Eskola-komunitateari begira sortutako proiektua da eta webguneak sortzen ikasiz, gaitasun digitalen ezagutza sustatzea eta eduki digitalak euskaraz sortzea ditu helburu sariak. Horretarako, ikasleek webgune erreal bat sortu dute lan motibatzaile baten bidez, eta kontsumitzaile digital izatetik, sortzaile digital izatera pasatu dira. Bestalde, trebakuntza teknologikoa behar duten irakasleen prestakuntza indartzea ere bada lehiaketaren xedeetako bat.
DBH lehenengo zikloko kategorian Beasain Ikastola gailendu da, hain zuzen ere, DBH 1. mailako Kar-kar zirkoa taldeak lortu du saria karkarzirkoa.eus proiektuarekin.
DBH bigarren zikloko sariak IES Elgoibar BHI ikastetxera eta Beasain Ikastolara joan dira, hurrenez hurren. Andramendiko Pentsatzen taldeak, pentsatzen.eus webgunea sortu du.
Batxilergoko saria aldiz, Urretxu-Zumarraga Ikastolako Ezientzia taldeak irabazi du ezientzia.eus proiektuarekin.
Edizio arrakastatsuena
Guztira Euskal Herriko 36 ikastetxeetako 1.218 ikasle aurkeztu dira, 402 taldetan banatuta. “Zenbaki hauek orain arteko ediziorik arrakastatsuena egin dute aurtengo deialdia” adierazi du Josu Waliñok, Puntueus-eko zuzendari nagusiak.