CAF taldeak 768 milioi euroko kontratuak lortu ditu lehen hiruhilekoan
Iazko epe berdinarekin alderatuta, %33ko murrizketa izan da. Datozen hilabeteetan kontratu berriak egiteko aukerak daudela esan du Beasaingo tren konpainiak.
CAF taldeak 768 milioi euroko balioa duten kontratuak lortu ditu 2023 urteko lehen hiruhilekoan, hau da, iazko epe berdinarekin alderatuta, %33ko murrizketa izan da. Martxora arteko emaitzen aurkezpenean, kontratazio erritmoa moteldu egin dela egiaztatzen da. Zifra horrek ez ditu jasotzen oraindik sinatu gabe baina esleituta dauden kontratuak, 450 milioi euro inguruko balioa dutenak.
Kontratuen bolumenak behera egin duten arren, CAF taldeak, lortutako kontratuen ezaugarriak azpimarratu ditu: batetik, kontratuen %50a, aurrez sinatutako akordioak zabaltzeko dira, eta horrek erakusten du, bezeroek konfiantza dutela egoitza Beasainen duen enpresa taldean; bestetik, eskaera berriak, taldearen lehentasunezkotzat jotzen dituen eremu geografikoetan kokatzen dira, hala nola, Frantzian eta Alemanian.
Gainera, CAFek aurreratu du, merkataritza jarduera handia dela gaur egun, eta datozen hilabeteetan kontratu berriak egiteko aukerak daudela, eskaeren zorroa handituz, inoizko maila altuenean aurkitzen dena -13.066 milioi euro-.