Txindokiko neskak irabazle
Nesken sailkapenean, lehenengo postua lortu du Txindoki Atletismo Taldeak, Gipuzkoako eskolarteko eta kluben arteko infantilen atletismo txapelketan, Altamiran.
Gipuzkoako kluben eta eskolen arteko infantilen atletismo txapelketa jokatu zen atzo Ordiziako Altamira estadioan, Txindoki Atletismo Taldeak eta Gipuzkoako Atletismo Federazioak antolatuta. Nesken arteko sailkapen orokorrean, Txindoki Atletismo Taldea izan zen irabazlea. Bigarren postuan geratu zen Real Sociedad S.A.D., eta hirugarrenean Club Atletico Renteria. Mutiletan, Goierriko lehen taldea Jakintza Ikastola izan zen, zortzigarren postuan amaituta.
Hainbat probatan igo ziren podiora Txindokiko neskak: 1.000 metroko proban, Intza Arrondo Azkona izan zen azkarrena; altuera jauzian, Aitana Reboredo Friasek hirugarren postua lortu zuen; 80 metro hesietan, hirugarren izan zen Irene Basarte Hernandez; 80 metroetan, Maren Higuero Larreategi izan zen irabazlea; 500 metroetan, Natale Ena Irastorzak eskuratu zuen lehen postua; eta 4×80 metroko erreleboetan, Txindoki taldea izan zen azkarrena.