Uztailai udaleku irekietarako izen-ematea ireki du udalak
Hilaren 21era arte egongo da irekita. Aurten uztailaren 3tik 21era gauzatuko da udako jarduera hau.
Apirilean zehar haurrak zaintzeko begiraleak eta zuzendaria kontratatzeko deialdia egin ondoren, iaztik Uztalai izenarekin ezagutzen diren udaleku irekietan izena emateko epea ireki du aste honetan Legazpiko Udaleko Euskara Zerbitzuak. Hilaren 21era arte egongo da irekita izen-ematea.
Udako eskaintza hau uztailaren 3tik 21era gauzatuko da aurten, astelehenetik ostiralera, 09:30etik 12:30era, euskaraz erabat. Haur Hezkuntzako bigarren mailatik Lehen Hezkuntzako laugarren mailara bitarteko herriko haurrei dago eskainita aisialdi jarduera hau.
Haur txikienak, hau da, HH-2 eta HH-3koak Laubideko hexagonoan ibiliko dira, eta osatzen diren taldeen arabera, HH-3koak Haztegi ikastolako eraikin nagusian ere, Latxartegi parkearen ondoan, elkartuko dira. HH-4tik LH-4ra bitartekoak aire librean ibiliko dira, eta talde kopuruak zehaztean erabakiko du udalak herriko zein gunetan elkartuko den talde bakoitza.
Prezioa eta izen-ematea
Matrikularen prezioa zehaztuta du udalak. Seme-alaba bakarra bidaltzen duten familiek 70 euro ordaindu beharko dute, bigarrenagatik 44,80 euro, eta hirugarrenetik aurrera doan izango dute matrikula.
Izen-ematea on line egin daiteke, udalaren www.legazpi.eus helbidean, baina horretarako helbide elektroniko bat behar da. On line izena ematen duten familiek hilaren 26ra arteko epea izango dute posta elektronikoz jasoko duten matrikula orria beteta eta sinatuta udaletxean entregatzeko. Helbide elektronikorik ez duenak, udaletxean bertan eman dezakete izena zuzenean.
Iaz, 259 haur
Uztalai izenarekin iaz egin ziren lehen aldiz udaleku irekiak, eta 259 haurrek parte hartu zuten. Haurrez arduratzeko, Legazpiko Udalak 24 begirale eta zuzendari bat kontratatu zituen.