Amets Bide, Oroith, Esanezin eta Xabin Fernandez, 'Kantu bat gara' emanaldian
Larunbaterako euria iragarrita dagoenez, Jakintza ikastolako frontoi estalian izango da ikuskizuna, eta ez Barrena parkean.
Larunbatean, 22:00etan, Kantu bat gara Jon Maiaren eta bere lantaldearen ikuskizuna izango da Ordizian. Hainbat talde eta abeslariren letrak sortu ditu urteetan zehar Maiak. Kantu ezagun horien bertsioak jaso zituen disko-liburu batean, eta zuzeneko emanaldiak eskaintzen ibili da.
Barrena parkean egitea aurreikusi zuten, baina euria iragarrita dagoenez, Jakintza Ikastolako ikastolako frontoi estalian izango da emanaldia.
Kantu horien bidez bidaia bat proposatzen du zuzenekoetan, goi mailako musikariez inguratuta. Kontzertu bat izateaz gain, euskal kulturaren, historiaren eta identitatearen bere ikuspegiaren isla da. Negu Gorriak, Benito Lertxundi, Gari, Ken Zazpi edo Pirritx eta Porrotxentzat idatzi ditu kantak. Larunbateko emanaldian, gainera, gonbidatu bereziek parte hartuko dute: Amets Bide dantza taldeak, Oroith abesbatzak, Esanezin-ek eta Xabin Fernandezek. Sarrerak ordiziarrock.com webgunean daude salgai.