Beasain eta Zumarragaren txanda da igandean Dantzari Txikien errondan
Bi herrien artean hamabost dantza taldek eta berrehundik gora dantzari txikik dantzatuko dute. Bi herrietan kalejira eta dantza erakustaldia egingo dituzte amaitzeko.
Beasainen eta Zumarragan elkartuko dira igandean dantzari txikiak. Bi herrien artean, berrehundik gora dantzari txikik jo ta su, onenak emango dituzte.
Beasainen, zazpi dantza taldek parte hartuko dute: Oin Arin (Lazkao), Lurra (Urretxu), Iztueta (Zaldibia), Amets Bide (Ordizia), Ostadar (Beasain), Ereintza (Orereta), eta Aurtzaka (Beasain). Azken hori dabil egun horren antolakuntza lanetan.
11:00ak baino lehenago ekingo diote egitarauari Dolarea Plazan. Eguraldi txarra bada, Murumendi ikastetxeko aterpean izango da bilkura. 11:30ean hasi dute desfilea eta talde bakoitzak bere dantzak eskaini ditu Beasaingo kaleetan zehar. 13:00ak pasata iritsiko dira Loinazko San Martin plazara. Bertan, talde guztiek batera alardea egin dute.
Loinazko San Martin plazako dantzen ostean, amaitutzat emango dute goizeko saioa. Arratsaldean, Erauskin plazan elkartuko dira atzera.
Eitzagako jaien barruan
Zumarragan, Eitzagako jaien barruan egingo dute Dantzari Txikien eguna, ohiko lez. Antolakuntzan ari den Irrintzi dantza taldetik jakinarazi dutenez, guztira zortzi dantza taldek parte hartuko dute.
Eguerdia pasata Txindokiko plazatik abiatuko dantzari txikien kalejira. Hiru geldialdi egingo dituzte; Iparragirre etorbidean lehena, Elizkalen bigarrena eta Eitzagako pilotalekuan hirugarrena.
Hain zuzen ere, Eitzan amaituko dute, 13:30ak inguruan. Bertan, aurtengo ekitaldian parte hartuko duten dantzari den-denek, Ikurrin dantza, aurreskua, arin-arina, fandangoa eta kalejira dantzatuko dituzte. Eguraldi txarra egingo balu, Beloki pilotalekuan egingo lukete.
Emanaldiaren ondoren, bazkari herrikoia egingo dute. Azkenik, Eitzagako txosnagunean, 16:30ean hasiko den Erdizka taldearen erromerian parte hartuko dute.